Arantxa Arregi

«Eskura dauden zerbitzuei eusteko eskualde mailako hitzarmenak behar dira»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 12:00

Arantxa ARREGI ALBERRO, Doneztebeko alkatea

Gehienetan beheiti, eta gutti batzuetan goiti. Herriaren arabera, hori da biztanleriaren bilakaera Malerrekan. Baina Doneztebeko kasuan, ez da dudarik, goratzen ari da, eta nola, gainera.

Konparazio batera, 1960ko hamarkadatik bikoiztu baino gehiago egin da Donezteben herritarren kopurua, eta 2000tik % 36 goratu da. Arantxa Arregi Alberrok joan den urtean hartu zuen alkate kargua eta TTIPI-TTAPAri argitu dionez, «gaur egun, gutti goiti-beheiti, 1.800 biztanle ditu».

Malerrekako «eskualde burua» dela erranez aurkeztu du bere herria, eta «zerbitzu publiko gehienak bertan» daudela gaineratu du: «Nafarroako enplegu zerbitzua, ogasuna, estatuko enplegu zerbitzua, osasun zentroa, gizarte segurantza, Juansenea, Malerrekako Mankomunitatearen egoitza, zerbitzu pribatuak, saltokiak, bankuak…». Hortik aparte, «herri ederra» dela eta «interes kulturaleko ondasun izendapena» duela aipatu du, baita «herri bizia» dela ere, «kirol eta kultur jarduerak» mantentzen dituena, «eta ahalik eta sentsibilitate gehien biltzen saiatzen dena, adin talde guziei kultur eskaintza emateko».

«Lotarako herri izateko arriskuan»

Doneztebeko kasuan, «etxebizitza» da erronka nagusietako bat: «Etxebizitza aunitz daude alde zaharrean, zaharberritu behar direnak eta pribatuen esku daudenak», adierazi du. Baina ez da erronka bakarra: «Enpresa gehienak autonomoak dira, eta eginahal handia egiten ari dira beraien enpleguei eusteko. Belaunaldi arteko erreleboa ere bermatu behar da». Gehiago ere bai: «Arrunt herri bizia da, komertzio eta ostatu aunitzekoa, eta baina momentu honetan aunitz jautsi da eta lotarako herri izateko arriskuan dago».

«Arrunt herri bizia da, komertzio eta ostatu aunitzekoa, baina momentu honetan aunitz jautsi da eta lotarako herri izateko arriskuan dago»

Horregatik «herria hobetzeko pausoz pauso lanean» ari direla kontatu du: «Udaletxea berritu, autoen eta oinezkoen arteko bizikidetzarako irtenbideak bilatu, udal azpiegiturak hobetu, uraren kudeaketa iraunkorra egin, energia eraginkortasunerako instalazioak hobetu, denetariko kultur agenda diseinatu, alkatetzen hitzarmena aitzindu, finantziazio bideak bilatu…». Eta gaineratu duenez, hori guztia «herritarrek diotena modu aktiboan adituz».   

Malerrekan herri batetik bertzera errealitatea ez dela berdina ere aipatu du, «alde handiak» daudela iruditzen baitzaio: «Herri batzuek zerbitzu minimoak falta dituzte eta ez dute baliabiderik». Baina ez da hori dena, eta garbi mintzatu da: «Doneztebek, handiagoa den arren, ez du erran nahi arazorik ez duenik». Horren harira, «eskualde mailako ikuspegia» aldarrikatu du: «Eskura dauden zerbitzuei eta horien bideragarritasunari eusteko eskualde mailako hitzarmenak behar dira». Aitortu duenez, «bi lan ildo» ditu begiz joak. Batetik, «bailara osoko gainontzeko udalekin elkarlanean, bizitzeko eta lan egiteko bailara dinamika bat lortzea ezinbertzekoa da» eta bertzetik, «lankidetza publiko-pribatuko estrategiak berriak diseinatzea. Ez da erraza, baina beharrezkoa da zein herri eredu nahi dugun lantzea, zer eskaini dezakegun eta nola eginen dugun jakitea».

«Ezin gara analisiarekin bakarrik gelditu. Ekintzara pasatu behar dugu»

Hain zuzen, horrekin lotuta, hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia egin du: «Ezin gara analisiarekin bakarrik gelditu. Ekintzara pasatu behar dugu eta lan metodologia egonkorra sortu; egungo garaiarekin bat datorren prestakuntza eskaintza behar dugu, kalitatezko zerbitzuak eman, etxebizitza publikoa izateko pausoak eman eta komunitatea sortu».                                                       

Herrien arteko komunikazioaren beharra eta zaintzaren indarra

3.000.000 bat euroko aurrekontua izanen du aurten Doneztebeko Udalak, eta gainerakoan, «27 langile» dituela eta eraikinak hauek direla esplikatu du: «musika eskola, kiroldegia, San Miguel eskola eta Mendaur institutua, Askin haur eskola, frontoia, euskaltegia, liburutegia, herrigunea, muskulazio gela, turismo bulegoa udan, hainbat talderendako tokia, abesbatzarako lokala…».

Baliabide zerrenda luzea bada ere, bada Arregiren hitzetan, «beharrezkoa» den bertze bat: «Herrien arteko garraioa. Gaur egungo zerbitzuak Iruñera edo Donostiara baino ez gaitu eramaten. Herrien arteko komunikazioa falta da, komunitate bat sortzeko eta aliantzak hobetzeko. Gure biztanleria arrunt zahartua dago, eta ez ditu hiri inguruetakoek dituzten aukerak zerbitzuak eskuratzeko». Orokorrean, «zerbitzu falta» da Arregiren arabera, «herri ttikien ahulgunea». Horregatik eskatu du «administrazioaren zerbitzuak herritarrengana hurbiltzeko».

Baina dena ez da ahulgunea, eta indarguneen artean, zaintza paratu du erdigunean: «Oraindik ondoan bizi denaz arduratzen da herri ttikietako gizartea, eta hori honat bizitzera etorri diren pertsonek helarazi didate». Gehiago ere bai: «Boluntario lanaren eta parte hartzearen kultura» nabarmendu ditu.

Euskarari lotuta, berriz, «azken urteotan pauso garrantzitsuak» eman direlakoan badago ere, «hizkuntza bizia izaten segi dezan lanean» segitzeko beharra azpimarratu du. Eta akitzeko, «herri ttikiak izan arren, tokiko politikan zeharkako oinarriak ezartzea garrantzitsua» dela erran du; hau da, «begirada feministarekin, euskaldunarekin eta jasangarriarekin lan egitea, kultura gizarte justuan eta inklusiboan aitzinera egiteko bidean paratuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun