Iñigo Zubeldia

«Auzolana berreskuratu dugu, herriari bizia ematen dio»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 09:00

Iñigo ZUBELDIA TELLETXEA, Saldiasko alkatea

TTIPI-TTAPAren Hego Euskal Herriko eremuan dauden udalerri guziak kontuan hartuta, Saldias da altitude handiena duena, itsas mailatik 555 metrora baitago. Biztanleriari erreparatuta, ordea, ttikiena ez, baina ttikienetariko bat da.

128 biztanlerekin, Basaburu Ttikiko herririk ttikiena da. Eskualdeko beste herri askoren gisa, biztanlerian gainbeheraren lekuko izaten ari da. Datuak dira horren erakusle. 1950eko hamarkadaz geroztik, erdira baino gehiagora jaitsi da biztanleria. Bereziki, 70etik 80ko hamarkadarako tartean egin zuen behera, eta geroztik joera hori da.

Horren jakitun da Iñigo Zubeldia Telletxea Saldiasko alkatea. 2023ko ekainetik bera da alkate, eta «herri ttikiek inoiz baino gainbehera handiagoa» dutela dio. Bere ustez, «hori denean islatzen da. Etxe zaharkituagoak eta hutsak geroz eta gehiago dira, biztanleria heldua ere geroz eta gehiago da eta egin beharrak garai bateko berdinak dira: lur eremuen garbiketa, mendiak utziagoak…».

Eskola indartzen

Gaur-gaurkoz mantentze lanek eragiten omen dizkio udalari «arazo nagusiak». Baina ez da Saldiasen duten erronka bakarra: «Eskola berpizten ari da eta ondoko urteei begira aurreikuspenak onak dira. Heldu zaigun ikasle kopuruetara egokitzea da gure lehentasuna. Baserribideak ere berritu behar dira, baita frontoiko estalkia eta zola berritu ere».

Gainerakoan, idazkaria da Saldiasko Udalak kontratatua duen langile bakarra, baina hortik aparte, «laguntzaile asko» dituztela gaineratu du, denak herritarrak: «garbitzailea, uraren kontrola, belarra moztu edo bestelako mantentze lan konkretuak egiten dituztenak….». Instalazioei dagokienez, «herriko ostatuaz gain, ikasturte honetan hamasei ikasle dituen eskola, osasun kontsultategia eta frontoia» dira udalaren jabetzakoak.

Zubeldiak «argi» du herriak baliabideak falta dituela, eta horren ondorioz, «jendea ohitua dago kanpora joatera erosketak egitera, medikuarenera behar izanez gero, tramite administratiboak egitera… Beste herrietara joaten dira zerbitzu publiko eta pribatu bila». Eta nora? Bada Saldiasek hiru irteera ditu, baina «gehiengo handi bat Doneztebera edo Iruñera joaten da zerbitzuen bila».

Zerbitzu falta agerian utzi nahi izan du alkateak, baina herri ttikietan bizitzearen alde onez ere aritu da: «Ohituak gaudenok ez dugu deus gehiago behar», nahiz eta «urrunago gauden herriotan errepidean denbora asko pasatzen dugula eta autoan gastu handiagoa dugula» oroitarazi nahi izan duen. Eta horrez gain, «herri ttikien irisgarritasuna beste administrazioendako batzuetan ez dela lehentasuna» salatu du; «Eta horrek eragin handia du herri hauetan hain garrantzitsua den mugikortasunean».

«Gehiengo handiak euskaraz egiten du, baina inoiz ez da egon orain bezain makal»

Euskararen gaia ere hartu du hizpide, eta honetan ere garbi mintzatu da: «Gehiengo handiak euskaraz egiten du, baina inoiz ez da egon orain bezain makal».

Hizkuntzaren inguruko kontuak esanda, udalak dituen momentuko helburuez ere aritu da eta horietako bat auzolana dela esplikatu du: «Auzolanak garai batean zuen indarra berreskuratu nahi dugu. Oso aberasgarriak dira bizikidetzarako, jendearen ikuspuntuak jasotzeko eta eginbehar asko aurrera ateratzeko. Horrek bizia ematen dio herriari».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun