Andrea De Rueda Goñi

«Helburuak lortzen dituzula ikustea bezalako sentsaziorik ez dago»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 2a, 10:00

24 urteko «Doneztebeko neska alaia» da Andrea De Rueda Goñi, «bizitza bere modura gozatzen ari dena». Mendia, musika eta bidaiatzea gustuko du eta kirolzale haundia da.

Denetik probatzea

Azaldu duenez, «betitik» egin izan du kirola; «zortzi urterekin futbolean hasi nintzen eta geroztik hainbat kirol probatu ditut». Izan ere, «neska mugitua naiz eta denetik egitea gustatzen zait; sokatira, lasterka, bizikleta, frontenisa… ez naiz kirol bakarra aukeratzeko gai».

Taldeka zein bakarka aritu izan da, eta «biak gustuko ditut, momentuaren arabera. Pertsonalki, aunitz gustatzen zait kirola bakarrik egitea, terapia egiteko modu bat delako niretzat. Baina norbaitekin edo taldean kirola egiteak ematen dizun energia oso polita da».

Sokari tiraka

2024ko martxoan Beti Gazteko sokatira taldean sartzea erabaki zuen; «amaren lehengusin batek animatu ninduen eta joan den urteko mundialetik etorri zirenean hasi nintzen haiekin».

«Kirol gogorra» dela aitortu du, «orain arte egin ditudan kirolen artean diferenteena da eta teknika aunitz landu behar da, baita indarra ere». Horretarako, «astean bitan egiten ditugu entrenamenduak taldean, eta nire kabuz entrenatzen ere saiatzen naiz».

«KIROLA EGITEA TERAPIA MODUKO BAT DA NIRETZAT»

Lehiaketa gutti egin ditu oraingoz, «baina egin ditudanak, hagitz urduri egon arren, gozatu egin ditut. Batez ere, taldekideei esker, poliki-poliki hobetzen ari naizela ikusten dudanean». Izan ere, «egun hagitz politak izaten dira: taldean joan, pisaketak egin, elkarrekin bazkaldu eta lehiaketako momentuan bata bertzeari animatzea».

Guttitan lehiatu bada ere, podiumera igotzea lortu du dagoeneko. «Hirugarrenak gelditu ginen, baina niretzat kristorena izan zen! Ez dut imajinatu nahi txapela irabaziz gero… Poliki-poliki hobetzea eta egun hori noizbait ailegatzea espero dut».

Erraketa eskuetan

Frontenisean aritzea ere gustuko du, eta zaletasun horri tiraka, «tarteka aritzen garen bortz neska elkartu» eta Emakumezkoen Binakako Frontenis Txapelketa antolatu zuten abenduan Donezteben. Txapelketaren lehenbiziko edizioa izan zen eta «hagitz ongi atera zela uste dugu, jendea kontent zegoen eta hagitz egun polita izan zen».

«EMAKUMEAK KIROLA EGITERA ANIMATU NAHI DITUGU»

Azaldu duenez, «uste duguna baino neska gehiago aritzen dira frontenisean eskualdean, bai Malerrekan, bai Bortzirietan eta baita Baztanen ere». Hala ere, «gehienetan talde ttikietan eta lagun artean jokatzen dugu bakarrik». Hori dela eta, «emakumeak kirola serioago egitera animatzeko helburuarekin antolatu genuen txapelketa; nesken arteko lehia bat egin nahi genuen, aunitzetan izaten dituzten lotsak kentzeko».

Geldirik egoteko denborarik ez

Hori gutti balitz, lasterka eta bizikletan ere ibiltzen da doneztebarra. «Korrika beti egin izan dut, baina Behobia egitera animatu nindutenean hasi nintzen serioago hartzen». Bizikletan, berriz, «2024ko udan hasi nintzen. Inoiz ez nuen probatua eta mutilak asteburu pasa bat bizikletan ibiltzea planteatu zidan. Denetara animatzen naizenez, osabari bizikleta eskatu eta baietz erran nion. Geroztik gustua hartu diot…».

Bi kiroletan aritzeko lekuak ere aukeratuak ditu. «Lasterka egiteko, Uraren Bidetik hasten den mendiko buelta bat aunitz gustatzen zait. Bizikletan ibiltzeko, berriz, Izpegiko lepoa nahiago dut, baina txoko berriak ezagutzea da gehien gustuko dudana». Hala ere, «txoko guztietatik, gehien gustuko dudana, Mendaur da».

Lasterka lehiatzen ere aritu izan da, azaldu duenez, «lasterketa pare bat egin ditut, baina probaz disfrutatzera joaten naiz. Helburu bat paratu eta hori lortzen duzula ikustea bezalako sentsaziorik ez dago». Aurten ere «helburu ttiki batzuk paratu dizkiot neure buruari eta ea horiek betetzea lortzen dudan!».

Etorkizunera begira, «kirolean poliki-poliki hobetzen segitu nahi dut, nire helburuak lortu arte. Eta bidean, bizitzako bertze gauzekin gozatu nahi dut, familia eta lagunekin, paseo bat, bazkari on bat, bidaia bat, besta pixka bat… 2025 polita izanen dela sentitzen dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun