Arizkunen, putre funts batek adin ttikikoak dituen familia bat etxegabetuko du. Zubietan, udalak berak bertako bizilagun baten aurka etxegabetzeko prozedura hasi zuen, bizitoki alternatibarik eskaini gabe eta akordio bat lortzen saiatu gabe, herriko etxe bat gehiago hutsik utzita. Elizondon, martxoaren 20ean, adin txikikoak dituen familia batek ere etxegabetze bati aurre eginen dio.
Hilabete guttitan hiru etxegabetzeren lekuko izan gara. Baina horiek ez dira kasu isolatuak. Gure inguruan gertatzen diren etxegabetze gehienak isilean pasatzen dira. Ez dira inon erregistratzen, ezta ikusten ere. Etxebizitzaren kostuak gero eta gehiago itotzen gaitu. Alokairuaren eta salerosketaren prezioak abusuzkoak dira, oinarrizko hornidurek bizitza garestitzen dute eta etxebizitzaren segurtasunik eza etengabeko mehatxu da, beldurraren itzala gure gainera botaz. Zentzu horretan, erran beharra dago etxebizitza uztera behartuta egotea etxegabetze moduen artean dagoela, alokairua izugarri goratu delako edo gastuei aurre egiteko ezintasunagatik.
Etxegabetzeak arazo aunitzez handiago baten adierazpen bortitzena dira: etxebizitza sarbidearen zailtasuna. Krisi testuinguru batean, mehatxu estruktural hori frenorik gabe hazten da, eta kolektibo zaurgarrienen kontra bereziki gogor jotzen du. Ezin dugu isiltasun horren konplize izan, etxegabetzeen inguruko isiltasunarekin, isolamenduarekin eta pobre-lotsarekin hausteko antolatu behar dugu. Soilik horrela norbanakoen arazo indibidual gisa tratatzeari uztea lortuko dugu, arazoa klase arazo estrukturaltzat hartuz eta horren aurka langile elkartasuna ehunduz.
Mendialdeko Etxebizitza Taldean (META), etxegabetzeei aurre egiteko lanean aktibo gabiltza, gure barrideak babesteko pixkanaka indarrak kolektiboki metatzen.