Artoak izan duen garrantzia berreskuratzeko proiektua lantzen hasiak dira Zubietan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 15:00

Zubietan arto haziak dituzten baserriak identifikatuko dituzte, errotara artoa ehotzera eramaten dutenen zerrenda erabiliz. Argazkian, Iturengo Pulunpa eskolakoak errotara egindako bisita.

Itsasne Mendiberri, Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako Elikadura dinamizatzaileak sortu du egitasmoa eta Marc Bidal eta bere lantaldea hasiko dira lanketa egiten

Tokiko kultura gastronomikoan artoak izan zuen garrantzia berreskuratu, bertako arto barietateak identifikatuz eta berreskuratuz eta Zubietako errotak horretarako duen garrantzia azpimarratu. Helburu horiek dituen proiektua aurrera eramateko dirulaguntza eman dute. Proiektu hau aurrera eramateko Marc Bidal eta bere lantaldea lanketa honekin hasiko da. Hasiera batean bi urtez egin beharreko proiektua baina dirulaguntzaren baieztapena berandu etorri denez, urte bakar batean eginen da, 2026ko urtarrilerako justifikatua egon behar baita. Proiektuaren sortzailea Itsasne Mendiberri Jaurena izan da, Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako Elikadura dinamizatzailea.

Negu honetan, Zubietan arto haziak dituzten baserriak identifikatuko dituzte, horretarako, errotara artoa ehotzera eramaten duten baserrien zerrenda erabiliz. Gero, elkarrizketa txanda bat eginen dute Marc Badalek eta Edorta Amuruak. Ondotik eginen dituzte ikerketak eta 2025eko abenduan edo 2026ko urtarrilean, artoa bildu eta idortutakoan, itxiera jardunaldia eta proiektuaren aurkezpena eginen dute. Jardunaldi honetan mahai inguru bat ere egin nahi dute, tokiko artoa mantentzen duten baserritarrak omenduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun