Itxitura berria eta beste zenbait lan egin dituzte Zubietako errotaren inguruan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 27a, 18:00

Zubietako errota ondoan egurrezko itxitura egin dute Malerrekako Mankomunitateko enplegu tailerreko zurginek.

Malerrekako Mankomunitateko enplegu tailerreko zurgintza ikastarokoek egin dituzte, festetako arbola aprobetxatuz

Aurten ere Malerrekako Mankomunitateak enplegu tailerra antolatu du. Izena eman dutenek zurgintza ikasten ari dira eta horretarako lanbidearen nondik norakoak azaltzen dizkien monitore bat dute. Zubietako errotan eta inguruan ere zenbait lan egin dituzte, besteak beste karretera ondoan egurrezko itxitura egin. Itxitura hori egiteko amabirjinetan plazan altxatzen den arbolaren egurra probestu egin dute.

Kanpoan ere kanalaren uhateak berritu dituzte, zaharkituak ziren oholak aldatuz. Errotaren barrenean, berriz, errota baten kutxa eraberritu dute, pieza berriak eginez eta aldatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun