Meta taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, «bizilaguna 2021etik bizi izan da alokairuan herriarena den etxe batean, maestraren etxean. Etxeko alokairu kontratua beste lagun baten izenean zegoelarik sartu zen bertan bizitzera eta geroztik beti ordaindu izan dituzte errentak, baita gainontzeko gastuak ere». Taldearen hitzetan, «kontratuaren titularra zen maizterra joan denean» hasi dira arazoak, «udalak ukatu egin baitu aurreko kontratuaren baldintzak mantentzea edo, orain arte egin den bezala, etxea enkante publikoan ateratzea». Horrekin batera, «luzapen eta irtenbide guziak agortuta, herritar bat salatu eta epaitegietara eramateko prestutasun osoa» izatea leporatu dio Metak Zubietako Udalari.
«Herrian bizitzeko aukera ona»
Metaren arabera, «Zubietako maestraren etxea betitik herrian etxebizitza izateko aukera ona izan da, izan baliabide eskaseko pertsonendako zein emantzipatu nahi duten gazteendako». Etxea «zaharra» izanda ere, «hainbat belaunaldiren bizitoki» izan dela gaineratu du: «Udalak erreforma handirik egin ez badu ere, arazoak egon direnean beti egin izan dira egin beharreko konponketak. Orain, etxea egoera ‘prekarioan’ omen dago. Azken hamar urteotan nola egon da ba? Orain arte ez dugu horrelako kezkarik ikusi, eta ikusi ditugunean ez da izan erreformatzeko asmoarekin, etxea husteko intentzioarekin baizik».
Maestraren etxearekin «zer asmo» dauden galdetu du Metak: «Baten batek frontoiaren ideia bota zuen bileraren batean; etxe bat bota nahi al dute herriko plaza estaltzeko? Zer da garrantzitsuagoa, jendea bizitzeko etxeak izatea, edo frontoia eta udaletxe berria?». Horren harira, «norberak gauzak balantzan jartzeko» eskatu du Metak, «baina seguru izan, egoera honi buelta ematen ez badiogu, herriak hustuko zaizkigula».
Metak ohartarazi duenez, «Zubietan, eskualdeko gainontzeko herrietan bezala, zailtasun handia dago alokairurako eskaintzak aurkitzeko». Eta beste hausnarketa bat ere bota du: «Etxeak badaude, bai: hutsik edo saltzeko. Negozioa badago, bai: Mendialdea osoan alokairurako etxebizitzak baino etxe agentzia gehiago daude Donezteben. Ez al da paradoxikoa?».
Bere ustez, «paradoxikoa ez dena hau da: Etxebizitzaren egoera geroz eta larriagoa den honetan, ezin ditugu gure barrideak babesik gabe utzi. Etxegabetzeko modu asko daude, batzuk agerikoak, beste batzuk isilpekoak. Horien guztien aurrean, erantzuten hasi behar dugu». Hala, «herriko etxeak defendatzeko eta barrideak babesteko» deia egin du Metak, baita «etxegabetzeen kontra antolatzeko» eskatu ere.