«Judoa nire bizitza markatu duen kirola izan da»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 1a, 08:00

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteko judo eskolarko arduraduna eta irakaslea da Noelia Ariztia. 40 bat haur eta gaztetxo ibiltzen dira judoan.

Noelia ARIZTIA CENOZ, Doneztebeko judoka.

Ibilbide luzea bezain oparoa du Noelia Ariztia Cenozek judoan. Gaur egun, lehian ibiltzen ez bada ere, bere ttikitako kirolari lotua segitzen du. Doneztebeko judo eskolako arduraduna da

Ia hiru hamarkada daramatza Noelia Ariztia Cenozek (Doneztebe, 1986) judoaren bueltan, eta egindako bidea ez da alferrikakoa izan. Ilusioz eta pasioz mintzo da judoaz, «bizitza pertsonala markatu didan kirola» dela sentitzeraino. «Probatzeagatik» hasi omen zen judoan, eta hasi bazen, hasi zen, arrunt lotua segitzen du. Elite mailan ibilia da, bere kirol ibilbidean domina azkarki irabazi ditu, etxean zein nazioartean, eta tartean 2007an eta 2008an Espainiako Judo Txapelketan, 23 urtez beheitikoen kategorian, txapeldunorde izan zen. Gaur egun, lehia alde batera utzia du. Lesionatu zelako hartu behar izan zuen erabakia, baina ez du arrunt baztertua bere kirol kuttuna eta postari lanarekin uztartzen du judo irakasle lana. Oscar Mindegia Bidegaini lekukoa hartuta, Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteko judo eskolako arduraduna da eta ereindakoari probetxua ateratzen ari da, ikasitakoa bertzeei erakutsiz.

Noiz hasi zinen judoan?

Hamar bat urterekin hasi izanen nintzen, Oscar Mindegiarekin Doneztebeko eskolako gimnasioa. Oroitzen naiz koltxonetak paratzen eta kentzen aritzen ginela, eta herriko gehienak judon ibiliak garela erranen nuke. Probatzeagatik joan nintzen, nire anaiarekin, eta gustatu eta gelditu nintzen.

Urte batzuk pasatu dira geroztik. Zer balorazio eginen zenuke?

Judoak dena eman dit, nire bizitza markatu du. Ametsak egia bihurtu ditut eta sekula imajinatuko ez nituzkeen emaitzak lortu ditut, baita bidaiak egin ere: Londresera, Parisera, Bordelera, Greziara, Espainiako hainbat tokitara maiz... Gaur egun naizena eta bertzeei egiten ahal diedan ekarpena judoari zor diot.

Baduzu gogoan gelditu zaizun momentu bereziren bat?

Bai, Espainiako Judo Txapelketan podiumera goratzeko ametsa egia bihurtu nueneko momentua, adibidez. Madrilen izan zen, 2007an. Hurrengo urtean, 2008an, emaitza errepikatu nuen, 23 urtez azpikoen kategorian. Eta horrez gain, munduko hoberenekin entrenatzea ere berezia izan da niretako.

Tatami gainean momentu gogorrik pasatu duzu?

Galtzea beti gogorra da, eta entrenamenduetan ere aunitz sufritzen da, bai fisikoki, bai mentalki.

Halabeharrez, lehia alde batera utzi behar izan zenuen...

Bai, lesionatu nintzenean lehiatzeari utzi nion. 2012an izan zen eta bi ebakuntza egin behar izan zizkidaten. Bi urte behar izan nituen ongi sendatzeko. Zer egin eta nola segitu jakin gabe gelditu nintzen eta herritik alde egitea erabaki nuen, bidaiatzera joan nintzen. Egia erran, berriz judoan lehian hastea ez nuen planteatu.

Judoan, zure zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Batez ere, konstantzia. Egin beharrekoa konpromiso osoarekin egin izan dut.

KONSTANTZIA ETA ILUSIOA BEHAR DITU JUDOKA ON BATEK

Arte martzialen artean zerk egiten du judoa berezi?

% 100 parez pare borrokatzen den kirola da, % 70 zutik eta % 30 lurrean. Pertsonen artean hurbileko arte martziala da.

Joan den urtean, gerriko beltzetan 3. DANa lortu zenuen. Zer erran nahi du horrek zuretako?

Entrenatzaile naizenetik niretako hasierako pausoa da, bertze biak lehian ari nintzen urteetan hartu bainituen. Urteetan lortutako bertze meritu batzuen emaitza izan da.

Gerrikoak, DANak... esplikatuko zeniguke?

Gerrikoetan hamabi kolore pasatu behar dira beltzera ailegatzeko. Gerriko beltzarekin lehenbiziko DANa lortzen duzu. Ondotik, beltzaren barrenean bortz DAN daude. Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren DANekin gerriko zuria eta gorria da, eta azkenean, bederatzigarren eta hamargarren DANekin gerriko gorria.

Gaur egun, zenbat denbora eskaintzen diozu judoari?

Astean bi arratsaldez Doneztebeko kiroldegian biltzen gara. Lau urtetik 17 urtera bitarteko 40 bat haur eta gaztetxo izanen dira eta dakidana erakusten saiatzen naiz, Andrea Mindegia Iribarrenen laguntzarekin.

Noiz eta nolatan eman zenuen judo ikasle izatetik irakasle izatera pasatzeko pausoa?

Hego Ameriketan nintzela, judoa alde batera utzi beharko nuela pentsatzen hasia nintzen, eta mutiko batek nire kirol ibilbidean lortua nuen guziaren balioa oroitarazi zidan. Orduan erabaki nuen judo klaseak ematen hastea. Gustatzen zait nirekin daudenei zer lortzeko gai garen eta motibazioa transmititzea.

Bertze kirol batzuek duten indarra ikusita, gaur egun gaztetxoek badute judorako joera?

Judoak beti erakartzen ditu gaztetxoak, denak integratzen dituen kirola baita, izan mutila, izan neska, neurria edo adina edozein dela ere. Horrek ate aunitz irekitzen dizkio kirol honi. Hala ere, futbolaz aparte, telebistak bertze kirol batzuk gehiago bistaratuko balitu, mugimendua oraindik handiagoa izanen litzateke.

Judoan hasita, normalean noiz arte segitzen dute?

Gehienek unibertsitatean edo lanean hasten diren arte segitzen dute. Aldaketa horrekin aunitzetan uzten dute astero praktikatzen zuten kirola. Beraz, 18 bat urtera arte.

Ibilbide luzea du judoak Doneztebeko Erreka Kirol Elkartean. Zer egoeratan dago gaur egun?

Donezteben, judoa bertze edozein kirol bezala finkatua dago. Oscar Mindegiak 30 urtez bizirik mantendu du, eta lekuko ezin hobea utzi digu ondorengo belaunaldioi. Orain ni arduratzen naiz klubaz, eta espero dut etorkizunean bide beretik segitzea.

Eta Errekatik kanpo, nola ikusten duzu judoa?

Doneztebeko judo eskolan, Iruñekoekin dugu harremana. Han goi mailako zentroa eskura dugu eta ikasteko aukera bikaina da. Judoak beti izan du bere lekua mundu mailako kirolen artean.

Eta zenbateko tartea dute emakumeek judoan?

Zorionez, berdindua dago. Nahiz eta arte martzialak gizo-nekin lotzen diren, mundu horretan gauden emakumezkoak arrunt integratuak gaude, berdintasuna sumatzen da.

Zer behar du judoka on batek?

Egunero praktikatzeko konstantzia, eta bidean disfrutatzeko ilusioa. Bi ezaugarri horiekin aunitz judoan onak bihurtzen ahal dira.

Eta zure ibilbidean, zein da zure hurrengo helburua?

Akaso, judoa zabaltzea. Malerrekan eta Bertizaranan judoarekin sortu dugun indarra, Baztanen eta Bortzirietan finkatzea ametsa izanen litzateke.

LABUR-LABUR

• Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Doneztebeko postaria, judoka eta euskalduna.

• Judoa ez den kirol bat? Eskubaloia.

• Judoka bat? Yolanda Soler.

• Musika talde bat edo bakarlari bat? Mikel Laboa.

• Kanta bat? Martxa baten lehen notak.

• Herriko bestak edo inauteriak? Herriko bestak.

• Nora bidaiatuko zenuke gustura? Kanarietara.

• Doneztebeko txokorik gustukoena? Intzakardi parkea.

• Postaria izan ez bazina, zer lanbide aukeratuko zenuke? Gorputz Hezkuntzako irakasle lana.

• Artisau lanak egiten segitzen duzu? Bai.

• Zure artisau lanik kuttunenak? Hego Ameriketan egindako lanak.

• Amets bat? Bidaiatzen hastea eta judoa zabaltzea.

• Zerbait gehiago erratekotan, zer? Eskerrak eman nahi dizkizuet kirol ttikien segida egiten diguzuenoi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun