Nor dugu Narcisa Maia?
Emakume arrunta naiz, lan aunitz egin duena eta familiaz harro dagoena. Kontent naiz dituzten lagunekin eta zoriontsu bizi naiz hemen.
Nola definituko zenuke zeure burua?
Langilea, sinpatika eta bizitzeko gogo haundiarekin.
Noiz hasi zinen Malerrekako jubilotekan parte hartzen?
2017an hasi nintzen, Edurne Anzizar gizarte langileari esker.
Nola elkartzen zarete?
Astean bi egunetan biltzen gara, astearte eta ortzegunetan. Talde polita izaten gara, 6-10 lagunekoa, nahiz eta egun batzuetan denak ez elkartu. Denok badugu adin bat eta medikuaren zitak hagitz presente daude!
Gustura joaten zara?
Bai, gustura eta kontent. Bi ordu horiek ti-ta batean pasatzen dira eta etxean egiten ez ditugun gauzak egiteko aukera izaten dugu.
Zer egiten duzue jubilotekako saioetan?
Denetik egiten dugu: luzatze ariketak, esku lanak, jokoak, solastatu… niretzat luzaketak dira jarduera hoberenak, eta jokoetan musean aritzea dut gustukoen.
Burua eta gorputza aktibo mantentzeko modu ona da?
Noski, Ramoni Ordokiri esker tartetxo bat hartzen dugu gure gorputza eta burua zaintzeko.
Irteerak ere egiten dituzue?
Bai, kurtso bukaeran talde guziek irteera bat egiten dugu, eta Eguberriak baino lehen denak Beintza-Labaienen bildu ginen.
Gainerako jubilatuak ere jubilotekan parte hartzera animatuko zenituzke?
Bai, horrela ibiltzen gara, jendea animatzen. Probatzea da kontua. Gauza hagitz politak egiten ditugu eta ongi pasatzen dugu.
Zein asmo dituzu epe motzera?
Jubilotekara urte askoz joaten segitzea. Eta osasuna izatea, bai nik eta baita nire ingurukoek ere.
Eta zein dira zure nahiak epe luzera?
Ea mundua pixka bat zuzentzen den… Hala ere, nire nahirik haundiena zoriontsua izatea da. Inguruan baditut hiru izar, Adei, Oihan eta Kiara, eta beraien bizitza ongi joatea espero dut; eskolan, lagunekin, kirolean eta familiarekin.