Guttieneko pentsioa, zaintza, osasun arloa, immigrazioa, Aroztegiko auzia, Palestinako egoera… Hainbat gai eta aldarrikapen hartu zituzten eskuetan atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek.
Alde batetik, guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen zuen aldarrikapena alde batera utzi dute, eta orain, Langileen Arteko Guttieneko Soldatari begira jarri dira, guttieneko pentsioa horrekin parekatzea nahi dutelako: «Nafarroan guttieneko pentsioa 1.035 eurokoa izatea onartua da, eta Langileen arteko Guttieneko Soldata 1.134 eurokoa da orain». Bada, horiek parekatzea dute helburu.
Zaintzaren arloan, bertzalde, Iruñeko Udalak «etxez etxeko adinekoen zerbitzuaren baldintzak hobetzeko» egindako inbertsioa txalotu zuten: «Horrek erran nahi du jendea erdigunean paratzea posible dela eta horrela jendearen bizi kalitatea hobetzen dela».
Osasuna ere hizpide hartu zuten atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunek, zehazki, Nafarroako Foru Lege berria. «Nafarroako Osasun Plataformak dio hagitz modu traketsean egin dela lege proposamena, nahiz eta bere alde positiboak biltzen dituen». Itxura denez, 120 ekarpen edo emendakin aurkeztu ditu plataformak, eta Baztango Osasun Plataformak bat egin du Nafarroakoarekin. Horrekin batera, «osasun sistema publiko duinaren alde» otsailaren 5ean Elizondon egitekoa den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuten atzo pentsiodunek.
Immigrazioa ere hizpide hartu zuten, «pentsiodunen arreta eta kezka» sortzen duen gaia dela erranez. Horren harira, Irungo Txingudiko pentsiodunen mugimendua pertsona migratuen egoera «aktiboki» lantzen ari dela esplikatu zuten atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunek, eta urtarrilaren 26an Irunen, Fikobatik hasita, eginen den manifestazioan parte hartzeko deiarekin bat egin zuten.
Lekarozko Aroztegiko afera ere mahi gainean paratu zuten atzoko elkarretaratzean. Aroztegia SLko arduradunek «neurririk gabeko oldarraldia» hasi dutela salatu zuten, eta otsailaren 1ean Iruñean egitekoa den manifestaziora joateko deia egin zuten.
Palestinarrez oroituz borobildu zuten atzoko hitzordua pentsiodunek: «Aldi baterako bada ere, Israelek genozidioa bertan behar utzi izana, hagitz berri ona» dela adierazi zuten, baina «benetako konponbidea lortzeko oraindik lan handia egin behar dela» azpimarratu zuten: «Sortutako sufrimendua ez da berehala pasatuko. Nazioarteko eragileek egiatan eta zintzoki lan egin behar dute. Herri guziek libreki bizitzeko eskubidea dute».