Eskualdeko lehiakide bakarrak izanen dira 30 urteko doneztebarrak. Mikel Txibite Putxo eta Cristian Txibitek kontatu zutenez, bikiak izanagatik «hagitz» diferenteak dira, baina «konexio» berezia dute bien artean. Putxo sare sozialetan aritzen da, Twitchen zuzenekoak egiten. Cristian, anaia, berriz, zurgina da eta, «autonomo guztiak bezala, burugogorra». Heldu den asteleheneko saioan ezagutaraziko dute non izanen den 21. edizioko abentura, eta zein taldetan ariko diren parte hartzaileak.
Gainera, atzo jakinarazi zutenez, asteazkenetan emanen duten eztabaida saioan Julian Iantzi lesakarra ariko da aurkezle lanetan. 19 ediziotan saioko aurkezle izan da lesakarra, eta iazko etenaren ondotik, aurten itzuliko da saiora, baina kasu honetan eztabaida saioa gidatuz.