Jabalera menperatuta Azpiroz izanen da Kutxabank Masterseko ligaxkan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 13a, 11:00

Azpiroz, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a ariko dira Masters Kutxabank txapelketako ligaxkan. Argazkia, Anoetan egidako aurkezpenean ageri dira hiruak. Argazkia: Maialen Andres

Azpirozek 30-16 irabazi zion larunbatean Galarretan Aimar Jabalera doneztebarrari Kutxabank Masterseko ligaxkaren atarikoan eta ligaxkan Ansa II .a eta Barrenetxea IV .a izanen ditu aurkari Uitzikoak.

Azpirozen garaipena sendoa izan zen. Udan 30-15 nagusitu zitzaion Jabalerari eta bortz hilabete beranduago ia markagailua errepikatu zen. Halere, hasiera berdindua izan zuen partidak. Azpiroz 6-8 galtzen ari zen, baina 7-0eko partzialak 13-8ko abantaila eman zion. Hiru tantora hurbildu zen Jabalera, 13-10ekoan, baina 18-14koaren ondotik irabazlearentzako azken partziala 12-2koa izan zen.
Jabalera indartsu hasi zen piloteoan, pilotari abiadura handia emanez, baina Azpirozek beti egiten du bere partidaa eta berriro errepikatu zuen.
6-8koa izan zen Jabaleraren tantorik onena bi pareta polit batekin bukatu zena, baina ondotik bere indarra itzali eta Azpirozen sakea eta piloteoan zuen nagusitasuna azaleratu zen. Gainera, huts gutxi egiten du eta aunitz defendatzen du, Jabalerak oraindik ikasi behar duen zerbait. Ez zuen jakin partidari heltzen.
Neurketaren bigarren zatian nagusi izan zen Azpiroz eta partida arazorik gabe ixten jakin izan zuen, bere pilotakadarekin, min handirik egiten ez zuen aurkari nekatuago baten aurka.
Azpirozek 16 tanto egin zituen piloteoan eta bederatzi saketik. Piloteoan huts bakarra egin zuen eta bi falta izan zituen saketik. Jabalerak bederatzi tanto egin zituen piloteoan, ia denak hasieran, lau tanto egin zituen saketik piloteoan hiru huts eginez eta falta bat saketik.

Jaialdiko lehen partidan, Paulo Aiestaran Aiestaran VII.ak debuta egin zuen bere anaia Aiestaran VI.arekin batera. 14-15 eta 9-15 irabazi zieten Gurrutxaga eta Eskuderori.

Jaialdiko azken partida lehiatua izan zen. Lehen jokoa Ansa II.ak eta Larrañagak erraz irabazi zuten, 15-4, baina bigarrena Aldabek eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten (9-15). Kitarakoa ere urdinek, Aldabek eta Barrenetxeak irabazi zuten, 6-8.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun