Gerra hotsez jabetzeko dagoeneko ez ditugu soilik gerrarako erabili ohi diren tresnen burrunbak kontuan izan behar. Gure segurtasunaren eta ongizatearen berme omen diren agintariek dagoeneko gerraren arrisku errealaz ohartarazten ari dira. Sonatuak izan dira Suedian banaturiko eskuorriak gerra egoeratan jarduteko irizpideekin, edo Polonian bigarren hezkuntzako umeei armak erabiltzen erakusten hasteko erabakia bera. Baina arriskua are esplizituago egin dute Josep Borrell, Von der Leyen edo OTANeko buruzagien adierazpen ugarik, funtsean diotenak Europako biztanleria gerrarako prestatu beharrean dagoela. Eta dagoeneko gerrarako prestatzen ari gaituzte.
Makineria kultural osoa martxan ari dira paratzen onartzeko haien interes inperialistak gureak era badirela. Onartzeko etsai amankomun bat dugula, eta denok modu bateratuan aurre egin behar diogula. Gure segurtasuna eta ongizatea bera arriskuan daudela. Baieztapen bitxiak, kontuan izanda gure ongizateak arriskuan urteak daramatzala, gerra hotsak aditzen hasi baino dezente lehenago. Are gehiago, gure ongizatea sakrifikatzen ari dira haien gose inperialistak asetzeko. Ikusi bertzerik ez dago zenbat diru bideratzen ari diren armak ekoiztera eta zenbat gure bizi baldintzak hobetzera. Ikusi bertzerik ez nola, alde batetik, zerbitzu sozialak eta soldatak kaskartzen ari diren, eta bestetik, industria militarrari zuzenduriko diru-partidak handitzen. Zentzu berean doaz OTANeko ordezkari baten adierazpenak, erran baitzuen pentsioetara eta segurtasun sozialera bideraturiko funtsak gastu militarrera zuzendu behar direla. Bistan da, beraz, gerraren finantzazioa bizi baldintzen kaskartzearen bitartez egiten ari dela.
Bitartean, gizartean joera erreakzionarioak hedatzen eta egonkortzen ari dira. Maila instituzionalean ikusten ari gara nola alderdi politiko faxista eta atzerakoiak hainbat gobernutara ailegatzen ari diren, edo nola PSOE alderdiak, behinola Espainiar gobernuko bertze alderdiekin batera bere burua ultraeskuina gelditzeko aurkeztu zuenak, Europar Komisioan eserleku bat edukitzeagatik ultraeskuinaren presentzia ahalbidetu duen. Karrika mailan ere gero eta presentzia handiagoa duten antolatutako talde faxisten propaganda ugaritzen ari da. Ikusi bertzerik ez dago gure eskualdean Devenir Europeok jarritako propaganda, hainbat tokitan sinbologia naziarekin agertu diren pintadak edo Lesakan langile mugimenduaren oroitarri bati eginiko erasoa. Baina maila kulturalean joera eta jarrera erreakzionarioak normalizatzen ari dira: jarrera misoginoak, biolentzia matxistaren ukazioa edo genero identitate zapalduekiko jarrera oldarkorrak dira horien adibide esanguratsuenak. Azkenik, ezin atzendu arrazakeria hartzen ari den indarra. Mendebaldeko gizarteak izan duen aberastasuna eta ondorioz bertako biztanleok bizimodu duin baterako izan ditugun aukerak posible izan dira, hain zuzen, Hego Globaleko herrialdeak esplotatzearen poderioz: baliabide naturalak ustiatuz bertako bizitzarako baldintzak suntsitu dira, bertako biztanleak behartuak izan dira harrobietan esklabotza egoeretan lan egitera mendebaldeko industria elikatzeko…
Haien herrialdeak uztera behartuak izan diren horiek ez dira Europara baliabideak kentzera etorri. Ez dira lapurtzera edo gaizkilearena egitera etorri. Europak haien herrialdeetan sortutako miseria alde batera uzteko asmoz datoz, ihesi. Gainera, erran behar da bizi zein lan baldintzak okerrerantz egin badute egiturazko krisiaren ondorioz dela, eta errudun bakarrak soilik haien interes ekonomiko pribatuei begiratzen dieten multinazional, oligarka finantzario edota bankuak direla.
Behar-beharrezkoa da gerraren eta berak ekarri ohi duen suntsipenaren aurka egitea. Behar-beharrezkoa da faxismoari maila guztietan aurre egitea, eta horretarako karrikak hartzea ezinbertzekoa da. Bide horretan, urtarrilaren 25ean Gazte Koordinadora Sozialistak gerraren eta faxismoaren aurka Iruñean manifestaziora deitu du, eta bertan parte hartzera animatzen zaitut.