Zubietako Herriko Ostatua inauterietan irekitzeko aukera eman nahi dute

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 10a, 15:00

Inauterietan Zubietako Herriko Ostatua irekitzeko aukera eman nahi du Udalak.

Eskaintzak urtarrilaren 15eko goizeko hamaikak arte aurkez daitezke Zubietako herriko etxean

Zubietako Herriko Ostatua errentan emateko deialdia egin zuen Zubietako Udalak. Urtarrilaren 2an akitu zen epea eta ez zen inor interesaturik agertu epe barrenean. Orain, Herriko Ostatua itxita dagoela kontuan izanik, Zubietako Udalak aukera eman nahi du norbaitek irekitzeko inauterietan. Horrela bada, enkantera dei egin du eta eskaintzak Zubietako herriko etxeko idazkaritzan aurkeztu beharko dira gutun azal itxi batean. Hasierako prezioa 300 eurokoa da. Epea urtarrilaren 15ean, asteazkenean 11:00etan akituko da.

Ernesto Dominguez, Zubietako alkateak sinatutako bandoak dioenez, tabernako zerbitzua eman beharko da gutxienez eta nahi izanez gero, sukaldea erabiltzeko aukera ere bada. Ostatuaren irekitze egunak izanen dira urtarrilaren 25etik (larunbata) 29ra arte (asteazkena), biak barne. Bete beharreko gutxieneko ordutegia, berriz, 10:30etik 02:00 arte.

Mila euroko fidantza jarri beharko da. Fidantzak bermatuko ditu suertatu daitezkeen kalteen konponketak eta errentaren ordainketa. Kalteak ordaintzeko nahikoa izango ez balitz, falta den zenbateko guztia eskatuko zaio maizterrari, kalte guztiak ordaindu arte. Ura eta argia Zubietako Udalak ordainduko ditu. Gainerako gastuak, berriz, Ostatua hartzen duenak ordainduko ditu.

Aipatu bezala, eskaintzak Zubietako udaletxeko idazkaritzan aurkeztuko dira sobre itxi batean (hasierako prezioa: 300 euro). Epea, urtarrilaren 15eko (asteazkena) 11:00 arte akituko da.

Eskaintza bat baino gehiago aurkeztuz gero, urtarrilaren 9an egin zen osoko bilkuran onartu ziren irizpideak kontuan hartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun