[ARGAZKIAK] Sunbillako haurrek harrera beroa egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 26a, 14:00

Denborak ez zuen sobera lagundu baina hala eta guztiz ere Olentzero eta Mari Domingik esfortzu haundiarekin Sunbillan bisita egin zuten asteartean.

Testua: Maider Petrirena. Argazkiak: Eva Arretxea, Ana Arretxea, Maider Petrirena eta eskolak utziak.

Ibilbidea guardasolen tartean egin bazen ere, itzulixka polita egin zen bukaera frontoian eginez. Denak elkarrekin, trikitixa eta pandero joleak lagun, hainbat kanta kantatu zituzten. Ondotik, Olentzero eta Mari Domingiri izugarrizko txokoa prestatu zieten. Ilara haundi bat egin eta eskutitzak, muxuak, argazkiak ateratzeko aukera izan zuten baita goxokiez betetako poltsa haundi bat jaso zuten ere. Bukatzeko txokolatea bero bat eta opila jan zituzten.

Biharamunean, abenduaren 25ean, urteroko ohitura segituz, herriko gazteak eskean atera ziren. Guztira 37 elkartu eta bi taldeetan banatu ziren. Akordeoilariak, Arantzako Andoni eta Beñat Mitxelena anaiak izan zituzten. A ze nolako giroa jarri zuten!  Bertze behin ere, eskerrak eman gazteei ohitura eder horiek mantentzeagatik.

Eguberriak hasteko, berriz, Urtero bezala ilusio haundiz prestatuko jaialdia egin zuten eskolako haurrek abenduaren 20an. Lehenik, goiko eskolan denak elkartu eta frontoian zintzilikatzeko kartelak egin zituzten. Ondotik, Olentzero eta Mari Domingiren ipuina ikusi zuten. Gosari goxoaz gozatu ondoren,  frontoira jaitsi eta bertaratutako guztiei jaialdi ederra egin zieten. Eskerrik asko bertze behin ere horrelako lan ederra egiteagatik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun