Urtero bezala goizean Mendaurrera oinez igotzeko deia egin dute. Horretarako, 07:30ean paratu dute hitzordua autobus geltokian, eta 10:30ean, berriz, talde argazkia aterako dute tontorrean.
Arratsaldean, aldiz, XVI. San Silvestre lasterketa eginen dute herriko karriketan. Edozeinek parte hartzeko moduko proba herrikoia antolatu dute, eta aurreratu dute «giro paregabea» izanen dela.
18:00etan haurrentzako lasterketa izanen da eta 2013an edo beranduago sortutakoek parte hartzen ahalko dute. Ibilbideari itzuli bat eman beharko diote, eta proban parte hartzea debalde izanen da.
Ondotik, 18:30ean helduen txanda izanen da. 3,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek eta irteera eta helmuga herriko etxean izanen dira. Parte hartzeko bortz euro ordaindu beharko dira, segurua barne. Aitzinetik izena emateko eskatu dute antolatzaileek lanak errazteko, baina, egunean berean ere apuntatzeko aukera emanen da.
Lasterketa solidarioa izanen da, eta izen emateekin bildutako diruaren zati bat ANA Autismoaren Nafarroako Elkartearentzat izanen da. Probako garaileentzat sariak izanen dira, eta proba nagusian parte hartzen duten denei opari bana emanen zaie. Gainera, hainbat zozketa ere eginen dituzte.
Futbito torneoa
Egun berean jokatuko dute XII. futbito txapelketako finala. Doneztebe Futbol Taldeak antolatu txapelketa eta abenduaren 20an hasi zuten lehia. Denera 19 talde ari dira parte hartzen eta finala 16:00etan jokatuko dute kiroldegian. Aitzinetik 15:00etan 3. eta 4. postuan arteko lehia jokatuko dute.