Vianako Printzea Erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako Landarte programaren zortzigarren edizioari amaiera emateko, Nafarroako herrietan bost prozesu kultural garatu dira, artistek eta bertako biztanleek elkarlanean egindakoak. Berritasun nagusi gisa, edizio honetan programaren webgunea berriz diseinatu da; proiektu bakoitzaren dokumentazioa sortzaileek beraiek egin dute; eta Fran Quiroga diziplinarteko ikertzaileak bat egin du Landarte Artxiboarekin. Eskualdean, Elgorriagan, Ekhiñe Etxeberriak Herriko Ostatua-Herriko bihotza proiektua garatu du.
Herriko Ostatua-Herriko bihotza prozesu parte hartzailea da, bainuetxe ezaguna baino gehiago den herri baten historia eta testuinguru soziala aldarrikatu nahi dituena. Auzo loturak, Herriko Ostatua, auzolanaren tradizioa, bestak, ohiko errezetak, etxeen izenak edota euskararen defentsa landu ditu Ekhiñe Etxeberria zinemagileak. Proiektuak hainbat proiekzio kolektibo, tailer, topaketa eta fanzine baten ekoizpen kolektiboa hartu ditu bere baitan.