2018tik ez zuten Zilarrezko Titarerik eman Doneztebeko Santa Luzia egunean, baina aurten, ortziralean, ohitura hori berreskuratu eta Esther eta Resu Etxebeste ahizpei eman zizkieten Arantxa Arregi alkateak eta Aritz Meoki zinegotziak (Estherren semea eta Resuren iloba, hain zuzen), herriaren izenean.
Bi ahizpak Casa Taberna dendan aritu ziren lanean joskintzan eta ehun urte baino gehiago zituen dendak ateak itxi zituen urte hasieran, Resuk erretiroa hartu zuenean.
Ortziraleko Santa Luzia eguna Juan Zabala eta Ramon Apezetxea apezek emandako mezarekin abiatu zen. Meza ondotik, zilarrezko titareak eman zizkieten Etxebeste ahizpei. Eliz atarian, eskulangileek beraien postuak paratu zituzten eta San Miguel eskolako guraso elkarteak eta ANA elkarteak antolatuta, autismoari buruzko solasaldia izan zen eskolan. Ekhiñe Zapiain eta Kattin Madariaga bertsolariekin triki bertso poteoa ere izan zuten eta, akitzeko, Mendi abesbatzaren eguberrietako emanaldia.