Iturengo Herriko Etxeak hiru egunetarako kultur eskaintza bikaina antolatua zuen abenduaren 6tik 8ra. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, aterpean egindako ekitaldiak jendetsuak eta beroak izan ziren, baina igandean Iturengo plazan egin beharreko artisau feria bertan behera utzi behar izan zuten
Nafarroako Gobernuak antolaturiko Gora gora Fest 2024ko programaren barrenean, Ezberdin bezain eder ipuin musikatuak eman zien hasiera ortziralean kultur egunei. Herriko etxeko ganbarara jende ugari hurbildu zen, bertan kontatu zituzten ipuinez gozatzera.
Ilunabar partean Pulunpa eskolako guraso elkarteak taloak eskaini zituen herriko etxeko arkupetan. Egunari akabaila emateko, mus txapelketa jokatu zen. Hamabi bikotek parte hartu zuten. Txapeldunak Laura Goñi eta Maria Larretxea izan ziren eta txapeldunordeak, berriz, Eider Altxu eta Iker Gorosterrazu.
Biharamunean, eguraldi kaxkarrari aurre eginez, Aurtizko Ostatuko jangelako berokian haur ugari elkartu ziren. Eskulanetan, mahai jokoetan eta bingoan aritu ziren. Merienda goxoa ere jan zuten, txokolate beroa bustitzeko hainbat aukerarekin, hau dena Aurtizko ostatuak eskainia.
Artisau feria bertan behera, bakarrizketa jendetsua
Kultur egunak akitzeko, abenduaren 8an bi hitzordu zeuden: goizean artisau azoka eta arratsaldean Tu-Tum Platz bakarrizketa. Igandeko eguraldi kaxkarraren ondorioz, artisau feria bertan behera geratu zen. Hala ere, arratsaldean herriko etxeko ganbara ttiki geratu zen, Jon Plazaolaren bakarrizketa ikustera jende ugari etorri baitzen. Hurbildu zenak nahiko irri egin zuen Jonekin, baina erran behar da gonbidatu bat ere izan genuela bertan, Mirari Martiarena. Eguraldi kaxkar eta hotza izan bazen ere, jendeak erantzun bikaina eman dizkie aurtengo kultur egunei.