Igandean eginen dute Donezteben Mendiaren Eguna

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 12a, 10:00

Silvia Vidal alpinistak 'Sincronía mágica' dokumentala aurkeztuko du arratsaldean.

Igande honetan, abenduaren 15ean, eginen du Errekak aurtengo Mendiaren Eguna Donezteben. Goizean mendi irteera eginen dute, eguerdian poteoa eta bazkaria eta arratsaldean dokumental baten emanaldia.

07:30ean mendi irteera eginen dute autobus geltokitik abiatuta. Ondotik, poteoa eginen dute 12:30ean eta baita bazkarirako ere Casino elkartean 14:30ean. Bazkarira izen ematea Titin egin beharko da eta gaur, abenduaren 12an, bukatuko da horretarako epea. 

Arratsaldean izanen da ekitaldi nagusia, gaur egun mundu mailako alpinista onenetariko bat izanen baita Donezteben: Silvia Vidal. Sincronía mágica dokumentala aurkezten izanen da, 18:00etan, zineman. Cerro Chileno Grande mendiaren mendebaldeko aurpegiko lehen igoera egin zuen Vidalek eta hori kontatzen du dokumentalak. Hilabete eta erdiz inkomunikatua egon zen, irratirik zein telefonorik gabe, eta 16 egunetan bere kabuz igo zuen material guztia, denera 150 kilo. Igoeragatik 2021ean aitorpen berezia jaso zuen Urrezko Pioletak sarietan. 

Silvia Vidal Bartzelonan sortu zen eta mendizalea, esploratzailea eta pareta handietako eskalatzaile profesionala da. 20 urte baino gehiagoz balentria haundiak egin ditu mundu osoko pareta haundiak bakarrik eskalatzen. Bere kode etikoa segituz, mendi horietara bakarrik, GPSrik gabe, eguraldi iragarpenik gabe eta kanpoko munduarekin inolako komunikaziorik gabe joaten da. 

Emanaldiko sarrerak aitzinetik Ostiz dendan eta Titi ostatuan erosten ahalko dira, eta baita egunen berean ere, bortz euroren truke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun