Erreka elkarteko Iker Anzizar doneztebarrak irabazi du Nafarroako kadete mailako lau eta erdiko pilota txapelketa. Abenduaren 3an Lekunberriko Jayan Jai pilotalekuan jokatutako final estuan 22-21 irabazi zion Lagunak elkarteko Abraham Antimasberesi, Guillermo Mazoren omenez hogeita zazpigarren aldiz antolatutako txapelketan.
Anzizar 5-0 irabazten hasi bazen ere, Antimasberesek buelta eman zion markagailuari, sakez zortzi tanto eginez (7-13). Halere, lanean segitu zuen Anzizarrek eta 21-15 aitzinetik paratu zen. Azken sakean, ordea, falta egin zuen Errekakoak eta horrek eman zion aukera Antimasberesi hogeita bana berdintzeko. Azken tantoa, ordea, Anzizarrek egin zuen, txapela janzteko.
Jubenil mailako finalean, Oberenako Julen Rekaldek 22-17 irabazi zion Larraungo Igor Nazabali.