Doneztebe nagusitu da ANELAren aldeko elkartasun futbol txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 9a, 13:00

ANELAren aldeko futbol txapelketa solidarioan parte hartu zuten taldeak, epaile eta ekarteko kideekn batera. Argazkia: Ondikol

Baztan, Doneztebe, Osasuna eta Real Sociedadeko infantilen taldeek parte hartu dute abenduaren 6an Elizondoko Giltxaurdin jokatutako txapelketan, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA edo AEA) ikusarazteko helburuarekin

Nafarroako Futbol Federazioak eta Baztango eta Doneztebeko Udalek ANELA elkartearen aldeko torneo solidarioa antolatu dute seigarren aldiz, abenduaren 6an Giltxaurdi futbol zelaian. CA Osasuna, Real Sociedad, Doneztebe FT eta Baztan KE taldeetako infantilek jokatu dute eta, ezustean, Doneztebe nagusitu da.

Ortzirale goizeko lehen partidan Real Sociedadeko infantilek 8-0 irabazi zioten Baztangoei. Segidan, Doneztebe eta Osasunako infantilak izan ziren aurrez aurre eta arauzko denbora husnako berdinketarekin akitu ondotik, doneztebarrak 3-2 gailendu ziren penaltietan, lehen ezustea emanez. Hirugarren posturako lehian Osasunak 6-1 irabazi zion Baztani. Finalean eman zuen bigarren ezustea Doneztebek, 3-2 irabazi baitzion Real Sociedad taldeari. Doneztebarrak 3-0 aitzinetik paratu ziren lehen zatian, baina donostiarrek gol bakarrera murriztu zuten aldea bigarrenean. Berdinketarako aukera izan zuten azken minutuko penalti batekin, baina Doneztebeko atezainak gelditu zuen eta garaikurra Doneztebera eraman zuten.

Doneztebe FTko infantilak txapeldun ANELAren aldeko seigarren futbol txapelketan. Argazkia: Ondikol

ANELA (AEAren Nafarroako Elkartea) laguntzeko aukera izan da, hainbat komertziok emandako produktu eta sarien zozketen bidez. Gainera, eritasunari buruz gehiago jakiteko informazio puntua paratu dute. Elizondon lortutako diru guzia elkarteko jendearen egunerokoa hobetzera bideratuko da, bertzeak bertze, fisioterapia, logopedia eta laguntza teknikoen zerbitzuekin.

Kiroltasunez, "pasilloa" egin zioten Doneztebeko jokalariei bertze taldeetako futbolistek. Argazkia: Ondikol

Azken urteetan bezala, Elizondon izan zen Alberto Armendariz Txapela, 2018an AEArekin diagnostikatutako pertsona. Futbol partidak ikusteaz gain, bi opari ere hartu zituen. Bata, Iturramako klubeko lagunek emana, bere garaian Boscos txapelketan jokatzen zuen kamiseta eman baitzioten, baita argazki koadro bat ere. Osasuna futbol taldeak txapelketan irabazitako garaikurra ere eman zioten Txapelari.

Heldu den urteko edizioa Donezteben jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun