Uterga eta Mitxeo doneztebarrek irabazi dute Azpeitiko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 2a, 15:00

Uterga eta Mitxeo txapeldun eta Matxin III.a eta Agirrezabala txapeldunorde, ortziralean Azpeitian.

Ortziralean jokatutako finalean 35-33 irabazi zieten Matxin III.a eta Agirrezabala azpeitiarrei

Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek irabazi dute Azpeitiko erremonte profesionaleko txapelketa, ortziralean Izarraitz pilotalekuan jokatutako final ederrean Matxin III.a eta Agirrezabala azpeitiarrei 35-33 irabazita.

Doneztebeko David Mitxeo gaztea sendo ibili zen finalean.

Partida hasiera arras berdindua joan zen, hamabosnako berdinketara bitarte. Ondotik, Doneztebeko bikoteak lau tantoko aldea lortu zuen lehenik (18-20), baita zazpikoa ere (19-26). Bazirudien finala bideratua zutela, baina azpeitiarrek ez zuten etxean amore eman eta 33na berdintzea lortu zuten. Halere, azken tanto horietan sendo agertu zen Mitxeo eta Utergak ere ez zuen hutsik egin, azken bi tantoak bereganatuz eta txapela jantziz.

Uterga zabaleko pilota batera ailegatu nahirik.

Ortziraleko Jaialdiko lehen partidan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Ionek 30-24 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Otanori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun