Silvia Vidal alpinista ezaguna Doneztebeko Mendiaren Egunean izanen da abenduaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 27a, 19:00

Cerro Chileno Grande mendiko espedizioaz ariko da Vidal Donezteben. Igoera horregatik Urrezko Pioleta mendi saria irabazi zuen 2021ean. Irudia: Silvia Vidal.

Mendia protagonista izanen da abenduaren 15ean Donezteben. Bertze urte batez Mendiaren Eguna antolatu du Errekak eta egun osorako egitaraua antolatu du. Tartean Silvia Vidal alpinista ezagunaren bisita izanen dute arratsaldean

Goizean goiz hasiko dute eguna mendizaleek. 07:30ean mendi irteera eginen dute autobus geltokitik abiatuta. Ondotik, poteoa eginen dute 12:30ean eta baita bazkarirako ere Casino elkartean 14:30ean. Bazkarira izen ematea Titin egin beharko da abenduaren 12a baino lehen.

Arratsaldean izanen da ekitaldi nagusia, gaur egun mundu mailako alpinista onenetariko bat izanen baitugu herrian: Silvia Vidal. Sincronía mágica dokumentala aurkezten izanen da. Cerro Chileno Grande mendiaren mendebaldeko aurpegiko lehen igoera egin zuen Nadalek eta hori kontatzen du dokumentalak. Hilabete eta erdiz inkomunikatua egon zen, irratirik zein telefonorik gabe, eta 16 egunetan bere kabuz igo zuen material guztia, denera 150 kilo. Igoeragatik 2021ean aitorpen berezia jaso zuen Urrezko Pioletak sarietan. 

Silvia Nadal Bartzelonan sortu zen eta mendizalea, esploratzailea eta pareta handietako eskalatzaile profesionala da. 20 urte baino gehiagoz balentria haundiak egin ditu mundu osoko pareta haundiak bakarrik eskalatzen. Bere kode etikoa segituz, mendi horietara bakarrik, GPSrik gabe, eguraldi iragarpenik gabe eta kanpoko munduarekin inolako komunikaziorik gabe joaten da. 

Emanaldiko sarrerak aitzinetik Ostiz dendan eta Titi ostatuan erosten ahalko dira, eta baita egunen berean ere, bortz euroren truke.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun