Piz&Lohi musika jaialdiaren bosgarren edizioa izanen dute asteburuan Zubietan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 27a, 09:00

Zugarramurdiko Ahozakil Konekxion izanen da Zubietako Piz&Lohi jaialdian joko duen taldeetako bat.

Herriko gazteek antolatuta ostiral ilunabarrean eta larunbat arratsaldean eskualdeko hainbat taldek beraien lana plazaratzeko aukera izanen dute

Piz&Lohi musika jaialdiaren bosgarren edizioa antolatu dute Zubietako gazteek azaroko hondarreko astebururako. Beti bezala, eskualdeko musikari eta taldeei beraien lana plazaratzeko aukera emanen die jaialdiak. Denera, hamar bat talde eta DJ espero dituzte ostiralean eta larunbatean.

Azaroaren 29an, ostiralean, ilunabarrean hasiko da giroa berotzen, Lesakako Pitxi bakarlariaren eta Madame Birrots Baztango musika taldearen eta Zubietako DJ Toxminaren musikarekin. Estalpean talo-jatea izanen dute.

Halere egun handia azaroaren 30a izanen da, larunbata. Antolatzaileek eta laguntzaileek bazkaria izanen dute estalpean, baina nahi duen guztiarentzat irekia izanen da otordua. Ilunabarrean berriz ere musika doinuak zabaltzen hasiko dira, Kaskezur (Baztan), Larba (Malerreka), Dama (Doneztebe), Tabuka (Baztan-Urdazubi), A.M.S. (Bera), Ahozakil Konekxion (Zugarramurdi) musika taldeek joko dute eta DJ Jainko Pantailoa izanen da musika jartzen. Estalpean taberna ere antolatuko dute eta bakoitzak bere edalontzia eraman dezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun