Karrikaburu da Bortz Kirol txapelketako bigarren finalista

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 26a, 19:00

Xuban Ilarregi eta Jerome Karrikaburu, astelehenean jokatutako finalerdian, xare partidaren aitzinetik.

Astelehenean jokatutako bigarren finalerdiak erraz irabazi zion Xuban Ilarregi oiztarrari

Doneztebeko Erreka elkarteak hirugarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketa hirugarren aldiz irabazteko aukera izanen du Eiheralarreko Jerome Karrikaburuk. Bigarren finalerdia jokatu zuten astelehenean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Karrikaburuk eta Oizko Xuban Ilarregik eta pronostikoak betez, erraz nagusitu zen Nafarroa Beherekoa (74-40).

Bortz modalitatetatik lautan nagusitu zen Karrikaburu (xaren 15-1, joko garbin 15-5, paletaz 15-6 eta eskuz 15-13) eta Ilarregik eskularruarekin bakarrik irabazi zuen tanto bakarragatik (15-14). Honela, 74-40 nagusitu zen lehen bi edizioetako txapelduna eta hirugarren txapela janzteko aukera izanen du azaroaren 30ean, Imanol Ugalderen kontra jokatuko duen finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun