Izan ere, 2022an Malerreka eta Bertizaranako emakume eta gizonen egoera ezagutzeko diagnostiko kuantitatiboa egin zuen mankomunitateak. Hau da, datu estatistikoen bidez desberdintasun egoerak identifikatzeko ariketa izan zen hura. Ikerketa horren emaitzak adierazi zuen Malerrekan berdintasun politikak abiatzeko beharra zegoela eta zenbait proposamen jaso zituen dokumentuak, tartean, gaian sakontzen jarraitzeko beharra.
Gauzak horrela, desberdintasun egoera horietara hurbildu eta hobeto ezagutzeko 2024an parte-hartzearen bidez egindako bigarren diagnostikoa egin du mankomunitateak Elhuyarren laguntzarekin. Malerrekako 40 pertsona inguruk hartu dute parte prozesuan: Malerrekako udal guztietako ordezkariak, udaletako eta mankomunitateko langileak, eta hainbat herritarrek ere.
Herritarren izenean parte hartu dutenen artean aipatzekoak dira ordezkari hauek: Erreka kirol elkartea, Erreka guraso elkartea, Burrunba gazte taldea, Talde Feminista eta etxeetan “interna” moduan lan egiten duten emakumeak.
Zazpi atal
2024an egindako diagnostikoak zazpi atal aztertu ditu. Hona hemen laburpena atalka:
1. Biztanleriaren datu orokorrak: Populazioaren zahartzea oso nabarmena da, batez ere Malerrekako herri batzuetan. Biztanleriaren zahartzeak zaintza behar gehiago dakartza. Zaintza lan horiek emakumeen bizkar geratzen dira, bertakoengan, baina baita emakume migratzaileengan ere, gero eta gehiago. Biztanleriaren zahartzeak pentsioekiko eta zerbitzu publikoekiko menpekotasun handiagoa dakar.
2. Genero arrakalak ekonomian: Malerrekako emakumeek urtean jasotzen duten soldata gordina gizonena baina askoz baxuagoa da, % 21,5 baxuagoa zehazki. Nafarroakoa soldata-arrakala % 19koa da. Nafarroa mailan, pentsionisten artean generoaren soldata-arrakala % 37koa da. Beraz, Malerrekako emakumeak gizonak baino pobreagoak dira, alde handiarekin.
3. Zaintza beharrak eta lanak: Familiaren bidez zaintza beharren % 86 inguru asetzen da. Gehien bat familiako emakumeek egiten dituzte lan hauek eta askok “kondena” bezala bizi dute. Zerbitzu publikoek eta lan kontratu formalek zaintza lanen % 7a asetzen dute. Etxeko edo zaintza langileen bidez, kontratu informalen bidez, gainontzeko % 7a asetzen da. Egun, XXI. mendeko esklabotza deitzen zaio emakume zaintzaile hauek pairatzen dituzten baldintza gogorrak direla eta. Deskantsurako aukerarik ez, baja edo osasun baimenik ez, soldata arras arras baxuak, eta batzuetan inkomunikazio egoerak edo jazarpen sexual edo arrazistak pairatzen dituzte.
4. Genero rol eta estereotipoak gizartean: Nafarroan denbora libre gehien duten emakumeak bakarrik bizi direnak dira. Ez da berdina gertatzen gizonekin, ordea. Enplegurako aukerek emakumeei askatasun gehiago ematen diete, aldiz, zaintza ardurek pobretu eta prekarizatu egiten ditu emakumeak. Aisia, lan mundua bezala, banatuta dago nesken eta mutilen artean. Kirol mota batzuk, kultur ekintza batzuk oso feminizatuta daude eta beste batzuk maskulinizatuta. Adin guztietan ikusten da banaketa, hau da, genero-rol eta estereotipoak martxan segitzen dutela Malerrekan. Berdintasunaren aldeko ekimenekiko erresistentzia batzuk identifikatu dira, eta beharrezkoa da Malerrekako pertsona erreferenteen babesa eta jarrera irmoagoa gai horiekiko.
5. Emakumeen presentzia: Gaur egun, udal batzarretan gizonezkoen presentzia handiagoa da. 73 ordezkarietatik 47 gizonezkoak dira eta 26 emakumezkoak. Sunbilla eta Donamaria dira salbuespena. Hala ere, elkartegintzan emakumeen presentzia gizonena baino handiagoa da. Bereziki kultura eta hezkuntza arloan. Kirolean, aldiz, gizon gehiago daude.
6. Emakumeen aurkako indarkeria matxista: Malerrekan, 2023 urtean indarkeria matxistagatik 16 salaketa jaso zituzten Nafarroako hainbat polizietan. Baina jakina da kasu guztiak ez direla salatzen. Nafarroaren iparraldean 2023ko salaketak 112 izan ziren. Indarkeria hori pairatu dutenentzako zerbitzu finkorik ez dago Nafarroa iparralde osoan, eta Iruñeraino jaitsi behar dira. Errealitate horri aurre egiteko proposamenetako batzuk hauek dira: hurbileko udalerriekin batera lan egitea, laguntza taldeak sustatzea eta erreparazioa lantzeko eta salaketa soziala bultzatzeko ekimenak bultzatzea.
7. Genero ikuspegia Malerrekako administrazioan: Malerrekako administrazioak bere jardueraren bidez berdintasuna sustatzea lege eskakizuna da, besteak beste Nafarroako 17/2019 Berdintasunerako Foro Legeak jasotzen dituen prozeduren bidez. Zeregin hauek betetzeko, berdintasunean aditua den teknikaria izatea eta Malerrekako administrazioko langileak trebatzeko formakuntza dira bultzadarik handiena.
Konpromiso zehatzak
Konpromisoak eta bide-orria zehazteko Nafarroako Emakume eta Gizonen berdintasunerako Plan Estrategikoan oinarrituta da dokumentua. Hauek dira zehatu diren konpromisoak.
- Malerrekako Mankomunitatea berdintasun politikak sustatzeko gaitasunez hornitzea.
- Malerrekako emakumeen bizi-baldintzak hobetzea; soldaten genero-arrakala eta pobreziaren feminizazioaren kontrako neurriak hartuz eta emakumeen enplegagarritasuna sustatuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren larritasuna ikusarazi, eta kasuen kudeaketa hobetzea.
- Malerrekatarren artean berdintasunaren aldeko konpromisoa sustatzea; kalean, eskolan, aisialdian, eta abar.
Dokumentuan jaso diren zenbait ekimen esanguratsu dira berdintasun teknikari bat kontratatzea, berdintasun gaietan trebatzea udal ordezkariak eta administrazioko langileak, emakumeen enpleguak eta lanak balioan jarri eta aukerak hobetzea, indarkeria matxista kasuak artatzeko zerbitzuak Nafarroa iparraldera ekartzeko ekimena abian jartzea, zaintza beharrak eta kontziliazio beharrei erantzuteko zerbitzu kopurua zabaltzea eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko ahalduntze-eskola edo programazio finkoa eskaintzea urtero.
Diagnostikoa eta konpromisoak ezagutarazteko herrietako Whatsapp taldeetan zabaltzeko bideo bat ere egin du Mankomunitateak.
Txosten osoa honako orrian dago zintzilikatua euskaraz eta gazteleraz: http://www.malerrekakomankomunitatea.eus/