Doneztebeko Erreka elkarteak hirugarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketak badu lehen finalista: Andoni Ugalde oiartzuarra. Larunbateko finalerdi lehiatuan mendean hartu zuen Imanol de Rueda doneztebarra (56-51). Bigarren finalista zein den gaur berean jakinen da. Azaroaren 25ean, astelehenean 19:30ean hasita jokatuko du Jerome Karrikaburuk eta min hartutako Luixaren ordez ariko den Xuban Ilarregi oiztarrak.
Larunbateko finalerdi ikusgarria eskaini zuten Ugaldek eta De Ruedak. Espero bezala, xaren oiartzuarra gailendu zen (15-4), baina ondoko hiru modalitatetan doneztebarrak irabazi zuen (15-8 joko garbin, 15-14 eskularruarekin eta 15-4 paletaz). Gauzak honela, eskuzko azken partidara 41-49 irabazten ailegatu zen De Rueda eta aski zuen zazpi tanto egitea, baina Ugalde eskuz profesionaletan ere aritutakoa da eta 15-2 nagusitu zen. Honela, denera 56-51 irabazi zuen oiartzuarrak eta finala jokatuko du.
Bigarren finalerdia azaroaren 25ean, astelehenean 19:30ean hasita jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Eiherelarreko Jerome Karrikaburuk eta Oizko Xuban Ilarregik. Faborito argia izanen da Karrikaburu, lehen bi edizioetako txapelduna bera baita, partida bakar bat ere galdu gabe.