Bi urte eta gero Azpeitiko erremonte profesionaleko txapelketa jokatuko dute datozen bi asteetan Izarraitz pilotalekuan. Azaroaren 22an, ortziralean 19:30ean, jokatuko dituzte bi finalerdiak: Zeberio II.a eta Otano, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra lehenbizikoan eta Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra, bigarrenean.
Partida hauetako galtzaileek hirugarren posturako lehia eta irabazleek finala jokatuko dituzte azaroaren 29an, ortziralean, 19:30ean hasita. Txapelketako bi jaialdietako sarreretan lortzen den dirua oso-osorik Valentzian Danak kaltetutakoak laguntzeko erabiliko da.