Erreka elkarteak hirugarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketako lehen faseko azken partidak jokatu dituzte igande honetan eta, honenbertzez, datorren asteburuan jokatuko diren finalerdietako protagonistak zein izanen diren ere erabaki da.
Igandeko partidetan, Anoetako Aratz Luixak 45-35 irabazi zion Oiartzungo Andoni Ugalderi. Anoetakoa xaren eta joko garbin nagusitu zitzaion oiartzuarrari (12-4 eta 12-1), eskularruarekin 12-9 irabazi zuen Ugaldek, paletarekin, berriz ere Luixa nagusitu zen (12-6) eta eskuz, hutsean utzi zuen Ugaldek Luixa, baina alferrik. Honela, B multzoan, Luixa izan da lehenbizikoa, bi partida irabazita eta Ugalde bigarren, Xuban Ilarregiren kontrako partida irabazita. Ilarregi txapelketatik kanpo gelditu da, beraz.
A multzoko hirugarren jardunaldian, bi edizioetako txapelduna, Eiherelarreko Jerome Karrikaburu jaun eta jabe izan zen eta bortz modalitatetan irabazi zion David Mitxeo doneztebarrari (12-1 xaren, 12-4 joko garbin, 12-5 eskularruarekin, 12-9 paletaz eta 12-9 eskuz). Denera 60-28 gailendu zen Karrikaburu, multzoko buru izateko. Imanol de Rueda doneztebarra izan da bigarren multzo honetan eta txapelketatik kanpo gelditu da Mitxeo.
Gauzak honela, datorren asteburuan jokatuko diren finalerdietan, Karrikaburu eta Ugalde, alde batetik , eta Luixa eta De Rueda, bertzetik, izanen dira aurrez aurre. Finala, zuzen bidean, azaroaren 30ean jokatuko dute.