Xanti Uterga herritarraren lesioaren ondorioz, Eloy Otxandorena doneztebarrak hartu zuen bere lekua binakako erremonte profesionaleko finalean. Ez zuen hutsik egin Otxandorenak eta, Barricartekin batera, txapela janztea lortu du. Azaroaren 16an Erriberrin jokatutako finalean, 35-33 irabazi diete Zeberio II.ari eta Otanori.
Partida hobeki hasi zuten gorriek, Zeberio IIak eta Otanok. 16-2 aitzineratu ziren eta bazirudien finala irabazteko arazo handirik ez zutela izanen. Baina urdinak pixkanaka jokoan sartzen hasi ziren, Barricart sendotu zen gibelean eta Otxandorenak berak 22 tanto egin zituen finalean. Kosta baldin bazitzaien ere, 31na berdintzea lortu zuten lehenik eta 33na ondotik. Partida osoan lehen aldiz aitzinetik paratu ziren Otxandorena eta Barricart 33-34koan eta hondarreko tantoa ere beraiek egin zuten, txapela janzteko.
Valentzian DANAk kaltetutakoen alde jokatutako jaialdia hasteko jokatutako partidan, Matxin III.ak eta Markel Leatxe donamariarrak 30-28 irabazi zieten Mikel Mikelarena oiztarrari eta Agirrezabalari.