'Everest 1980' dokumentala eta Passang Tembarekin solasaldia igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 14a, 14:00

Passang Temba sherpa Martin Zabaletarekin batera igo zen Everestera 1980an. Irudia Everesteko gailurrean ateratakoa da.

Euskal mendizaletasunaren historian leku garrantzitsua dauka Passang Temba sherpak, eta azaroaren 17an. igandean, Donezteben izanen da. Errekak Kirol Elkarteak eta udalak antolatu dute solasaldia eta emanaldia udalarekin elkarlanean.

1980an euskaldun talde batek Everestera egin zuen espedizioan parte hartu zuen Passang Tembak. Espedizio hartan Martin Zabaleta hernaniarrak Everesteko gailurra igotzea lortu zuen, eta berarekin batera igo zen sherpa. Zabaleta izan zen lehen euskalduna Everestera igotzen, eta Passang Temba da tontorreko argazkian ageri dena. 

Passang Tembarekin batera Cheepal Sherpa ere izanen da Donezteben, eta Juanjo San Sebastian alpinista ere bertaratuko da. Mendizaleen testigantzak aditzeaz gain, Everest 1980 dokumentala ikusteko aukera ere izanen da.

Emanaldia 18:00etan izanen da zineman eta sarrerak aitzinetik erosten ahalko dira 5 euroren truke Titi ostatuan eta Ostiz dendan.

Errekak urtero antolatzen duen Mendiaren Eguna, aldiz, abenduan eginen dute aurten. Aitzinerago jakinaraziko dituzte xehetasunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun