Pako Etxeberria forentse ezagunak gidatuta, Aranzadi zientzia elkarteak 2016an atera zituzten Legarreko leizetik Juana Josefa Goñi Sagardia eta haren zazpi seme-alabetatik seiren gorpuak. Lau urte beranduago, 2020an, Legarrea Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Lau urte beranduago, 2024ko azaroaren 12an, bertan aurkeztu du bere azken eleberria batez ere Baztango Trilogiagatik ezagun egin den Dolores Redondo idazleak. Izan ere, 1936ko kolpe militarraren inguruko gertaera lazgarri horretan oinarrituta idatzi du Las que no duermen NASH eleberria.
Alicia del Castillo kazetari doneztebarraren eskutik izan zuen Dolores Redondok Gazteluko Legarreko leizeak gordetzen duen historiaren berri eta bere azken eleberria gertaera hartan inspiratzen dela aipatu zuen, aurkezpenean. «Ez zait egiazko krimenei buruz idaztea gustatzen, baina oraingoan salbuespena egin dut –aipatu zuen Redondok–. Nash Elizondo psikologa forentsea da eleberriaren protagonista, leizera jautsi eta emakume baten gorpua topatzen duena».