Bestak 2024

[ARGAZKIAK] Giro ederrean joan dira Aurtizko bestak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 12a, 10:00

Baztan-Bidasoaldeko urteko azken bestak ospatu dituzte Aurtitzen eta giro ederrean joan dira. Joan den ortzegunean auzolanarekin eta zopekin hasi zuten, baina ortzirale eguerdian bota zuten txupinazoa. Herri bazkaria ere izan zuten Peñagarikano eta Lizaso bertsolariekin eta dantzaldia Beñat eta Fernandorekin. Argazkiak: Ainara eta Arkaitz Mindegia

Larunbatean, gazte bazkariaren aitzinetik pilota partidak jokatu zituzten gaztetxoek. Nesken lehen partida Dunixe Isasik eta Alaitz Aioroak irabazi zuten, bigarrena Malen Bereauk eta Nerea Altxuk eta mutikoen partida Iñaki Leizak eta Eneko Apeztegiak. Larunbat arratsaldean Mendaur trikitixa pandereta eskolakoen jaialdia eta merienda izan zuten. Mus txapelketan, berriz, Itxaso Mindegia eta Elena Irigoien suertatu ziren txapeldun. Gauez, Trikidantz taldearekin dantzaldia izan zuten.

Igande goizeko dianen ondotik, krosa egin zuten. Ttikien ibilbidean Joritz izan zen bizkorrena, Unax bigarren eta Maddi hirugarren. Handien ibilbidean, berriz, Haritz izan zen lehenbizikoa, Liher bigarren eta Denba hirugarren. Eguerdiko herri kirol erakustaldian, Nerea Sorondo eta Oier Larretxea beratarrak, Iturengo Maika Ariztegiren eta Arostegiko Oier Kañamaresen kontra aritu ziren aizkoran eta Iturengo Estefi Etxebeste eta Oiartzungo Olaia Esnaola harri altxatzen. Sagardo dastaketaren ondotik, arratsaldean herriko dantzarien emanaldia izan zuten eta ondotik txokolatea banatu zuten. Tortilla eta pintxo lehiaea ere gin zuten.

Asteleheneko San Martin egunean, azkenik, meza ondotik, motozerra erakustaldia eskaini zuen Mikel Lasartek. Haurren bazkariaren ondotik, arratsaldean haur jokoak, bingoa eta bestak akitzeko talo jatea izan zuten elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun