Zubietako Herriko Ostatua moldatu arte estalpea soziedade moduan erabiliko da
Herriko Ostatuaren egoerari buruz solastatzeko bilera informatiboa antolatu zuen Zubietako Udalak urriaren 25ean eskolan. Ostatuaren kudeaketa lehiaketara atera zen, baina momentuz ez du inork hartu, bete gabe gelditu da, eta udalak probextuko du ostatuko sukaldean erreforma egiteko. Sukaldea erabat berrituko du udalak PDRko diru laguntza bati esker eta egungo herriko etxearen gela bisitarientzat harrera gela izanen da. Bitartean, eta ikusirik herrian elkartzeko ostaturik ez dagoela, estalpea soziedade moduan erabiltzen hasiko dela jakinarazi zuen udalak. Bilerara 30 bat herritar etorri ziren eta begi onez hartu zuten ideia. Urriaren 31n (gau beltza ospakizunean) lehenbiziko aldiz herritarrek erabili ahal izan zuten soziedadea. Bileran udal ordezkariek azaldu zutenez, edozein herritarrek giltza eskatzen ahal du eta soziedadea irekia dagoen bitartean edonorentzat irekia egonen da. Oinarrizko arauak zein diren ere (zentzuzkoak) aipatu zituzten bilera horretan udal ordezkariek.
Zubietako Udalak jakinarazi duenez, estalpea soziedade moduan funtzionatzen hasi denetik, bi aldiz katu bat barrenean agertu da. Horregatik, estalpea ixten duenari adi egotea eskatzen diote, aseguratuz estalpearen barruan animaliarik, katurik... ez dela gelditzen. Bestetik, gogoratu nahi dute hozkailua betetzea, zaborra ateratzea (kartona, plastikoa,...) denon ardura dela.