Askin haur eskola udal kudeaketako zuzenekoa da, eta 9 emakumek egiten dute lan bertan. Nafarroako administrazioetako gainerako langileek bezala, erosahalmenaren galera izugarria metatu dute, % 20tik gorakoa azken hamarkadan.
2022an 0-3 Plataformak (ELA, Steilas eta LAB sindikatuen parte hartzearekin batera) bultzatutako mobilizazio eta greben ondorioz, Nafarroako Gobernuak udal haur eskolen finantziazio moduluen igoera onartu zuen, horien lan baldintzak Nafarroako Gobernuko haur eskolen baldintzekin parekatzeko.
Baina, orain, udalak soldata igoera hori aplikatu nahi izan duenean, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak eragotzi egin dio. Hau da, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak galarazi egiten du Nafarroako Gobernuak berak onartutako eta 2024ko aurrekontuan jasota dagoen igoera aplikatzea.
Inkoherentzia hori salatu du sindikatuak, eta igoera aplikatzen uzteko eskatu dio gobernuari.