Karrikaburu indartsu hasi da aurten ere Bortz Kirol txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 18:00

Karrikaburu eta De Ruedaren arteko partidan Eiherelarrekoa nagusitu zen, baina Doneztebekoak estu hartu zuen eskularruarekin eta eskuz eta irabazi egin zuen paletaz.

Erreka elkarteak hirugarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute azaroaren 3an eta lehen bi edizioetan txapeldun izan den Eiheralarreko Jerome Karrikaburu aurten ere faboritoa dela erakutsi du. Imanol De Rueda doneztebarraren kontrako partida 59-37 irabazi zuen, bortz modalitatetatik lautan irabaziz. Bertze partidan, Anoetako Aratz Luixak 41-34 irabazi zion Xuban Illarregi oiztarrari.

Karrikabururen eta De Ruedaren arteko lehiako lehen bi partidak, xare eta joko garbikoa erraz irabazi zituen Eiherelarrekoak (12-2 eta 12-3), baina bertze hiruetan lehia estu-estua izan zuten. Eskularruarekin 12-10 irabazi zuen Karrikaburuk, paletaz 12-11 irabazi zuen Doneztebekoak eta eskuz 12-10 irabazi zuen, berriz ere, Nafarroa Beherekoak.

Aratz Luixaren eta Xuban Illarregiren arteko partidaren azken emaitza berdinduagoa izan bazen ere, partidaz partida, modalitatez modalitate, alde handiagoa izan zen. Honela, xare eta joko garbiko partidak erraz irabazi zituen Anoetakoak (12-5 eta 12-2), eskularruarekin nagusi izan zen oiztarra (12-3), paletarekin 12-3irabazi zuen gipuzkoarrak eta eskuz 12-2 irabazi zuen Ilarregik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun