Andoni Ugalde eta Imanol de Rueda gailendu dira Bortz Kirol txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 29a, 08:00

Imanol de Rueda eta David Mitxeo joan den urteko txapelketan. Orduan Mitxeo nagusitu zen, baina igande honetan de Rueda gailendu da.

Oiartzuarrak nagusitasunez menperatu zuen Xuban Illarregi eta Doneztebekoak lehia estua izan zuen David Mitxeo herritarrarekin

Sei pilotarirekin abiatu da Erreka elkarteak hirugarrenez antolatutako Bortz Kirol txapelketa. Igandean jokatu zituzten lehen partidak. A multzoan, Andoni Ugalde oiartzuarrak 56-39 irabazi zion Oizko Xuban Illarregiri, bortz modalitatetik lautan gailenduta. B multzoko lehia estuagoa eskaini zuten Imanol de Rueda eta David Mitxeo doneztebarrek eta hiru tantogatik nagusitu zen de Rueda (51-48).

Ugaldek 12-2 irabazi zion Illarregiri xarearekin, baina oiztarrak 12-8 irabazi zion oiartzuarrari joko garbin. Eskularruaz, paletaz eta eskuz, aldiz, Ugalde nagusitu zen (12-11, 12-8 eta 12-6, hurrenez hurren). Azken emaitza, beraz, 56-39 oiartzuarraren alde.

De Rueda eta Mitxeoren arteko lehia Bortz Kirol txapelketan izan den estuenetako bat izan zen, ez bazen estuena. De Ruedak 12-8 irabazi zion Mitxeori xarearekin; joko garbin, aldiz, 12-4 irabazi zuen Mitxeok; eskularruarekin eta paletarekin De Ruedak irabazi zuen (12-11 eta 12-%. Hortaz, eskuz jokatu beharreko azken partidara lau tantoko aldearekin ailegatu zen De Rueda, dena zabalik oraindik. Mitxeok eskuz irabaztea lortu zuen, baina tanto bakarragatik (12-11). Azken emaitza, beraz, 51-48 Imanol de Ruedaren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun