Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta e•remonte enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa urriaren 26an abiatu da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatu den final laurdenetako lehen partidarekin. Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak ez zuten hutsik egin sorterriak eta 35-17 irabazi zieten Matxin III.ari eta Markel Leatxe donamariarrari.
Otxandorena izan zen partidako onena eta 22 tanto egin zituen, Mitxeo gibelean nagusitu zela aprobetxatuz. Mitxeok berak ere 7 egin zituen.
Doneztebeko jaialdia hasteko partida lehiatuan, Osesek eta Agirrezabalak 30-29 irabazi zieten Mikel Mikelarena oiztarrari eta Baztani.
Final laurdenetako bigarren partida Iruritako Aranabian jokatuko dute azaroaren 2an, larunbatean 18:00etan hasita: Xuban Iturregi iruritarra eta Ion, Jon Sagaseta iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.
Finalerdiak azaroaren 9an jokatuko dituzte Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan, 17:00etan hasita. Lehen finalerdian, Iruritako final laurenetako bikote irabazleak Xanti Uterga doneztebarraren eta Barricarten kontra jokatuko beharko du eta, bigarrenean, Otxandorena eta Mitxeo Zeberio II.aren eta Otanoren kontra.
Finalerdietako irabazleek azaroaren 16an jokatuko dute finala, zaharberritutako Erriberriko udal pilotalekuan, 17:00etan hasita.