Azaroko ilargi betearekin bat eginez eginen dute aurtengo Lan Gaua Iturenen

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 25a, 17:30

2016ko Lan Gaua irteera Arantzan. Urtero urtero herri ezberdinetan egin dute eta aurten Iturenen izanen da.

Azaroaren 16an paratu du hitzordua Bidasoko Kontrabandistak elkarteak eta azaroaren 11 arte eman daiteke izena

Irteera eta iritsiera tokia Iturengo Tresanea Apartamentuak izanen dira. Aitzineko edizioetan bezala, Bidasoko Kontrabandistak elkarteak antolatu du gaueko ateraldia, Tresanea Apartamentuen, Iturengo Herriko Etxearen eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkartearen laguntzarekin.

Luzeran 9 kilometroko ibilbidea prestatu dute aurten, hiru orduko iraupenekoa, gutxi gora-behera. Mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatu dute, baita argia edo frontala ere, eta mokadua egiteko zerbait.

Izen ematea

Izena emateko, pertsona bakoitzak, Bizum bidez 10 euro ordaindu beharko ditu. Bizuma egiteko zenbakia: 659 47 73 96 . Ordainketaren kontzeptuan beharrezkoa da honako hau jartzea:  Lan Gaua, heldu baten izena eta abizena, eta parte hartuko duten pertsonen kopurua. (Izena emateko epea: azaroaren 11ra arte).

Irteera 19:30ean izanen da, Iturengo Tresanea apartamentuetan. Eta martxa ordubete beranduago abiatuko da, 20:30ean, toki beretik.

INFO +: Baztan-Bidasoa Turismo Elkartea 948 59 23 23 (astelehenetik ortziralera 09:00-14:00)

info@baztan-bidasoa.com

www.kontrabandistak.com

 

Kontrabandoa Baztan-Bidasoan

Ez ziren urte errazak izan gerraondokoak, familia ugariak eta ahora eramateko gutxi. Eskasia handia zen, eta zerbait egin behar zen seme-alaba guztiak elikatzeko.

Kontrabandoa, «Gau lana», Baztan-Bidasoko familia askoren biziraupenerako «laguntza» ekonomikoa izan zen. Egunez baserrian lan egiten zuten, eta gauez, mendian. Paketeak bizkarrean hartu, eta mugaz gaindi “debekatutako” produktuak eraman eta ekartzen zituzten: errodamenduak, puntillak, likoreak, tabakoa, kafea…

Kontrabandoaren “urrezko urteak” 1960ko hamarkadakoak izan ziren. Urte horietan, Baztan-Bidasoko biztanleen % 90ak kontrabandoa egiten zuen, emakumeak eta haurrak barne. Talde lana zen, familien eta herrien biziraupena ere ekarri zuena.

Kontrabandoa, artifizialki ezarritako mugei aurre egiteko erantzun naturala izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun