Landarte 2024 programaren zortzigarren edizioa bigarren fasean dago; ekainetik urria akitu arte egiten ari dira Nafarroako landa-eremuko bortz herritan. Programaren barnean, sortzaileak sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak gauzatzen ari dira. Eskualdeari dagokionez, Ekhiñe Etxeberria zinemagilea Elgorriagan ari da, Herriko Ostatua-Herriko bihotza izeneko proiektuarekin.
Elgorriagan, Ekhiñe Etxeberria Garjónek prozesu parte-hartzailea proposatzen du Herriko Ostatua-Herriko bihotza esku-hartzearekin, bainuetxe ezaguna baino gehiago den herri baten historia eta gizarte-testuingurua aldarrikatzeko asmoz. Etxeberriak auzokideen arteko loturak, Herriko Ostatua, auzolanaren tradizioa, bestak, betiko errezetak, etxeen izenak eta euskararen defentsa landu ditu. Proiektuak hainbat proiekzio kolektibo, lantegi, topaketa eta fanzine baten ekoizpen kolektiboa hartuko ditu bere baitan.
Elgorriagako proiektuaz gain, Peru Galbete sortzailea Oibar udalerrian dago, Harriz harri, Oibarko egunkari kolektiboa proiektuarekin; Estefanía de Paz Asín diziplina anitzeko artista Oteitzan, Balea ikusezina proiektuarekin; María Azkarate argazkilari eta arkitektoa Arradan, Anekdota-bilduma proiektuarekin eta Oihane McGuinness ikusizko sortzailea Untzitibarren, Ibilitakoa eta airearen kulturaren ertzak kartografiatu proiektuarekin.
Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak antolatuta, Landartek ekainean hasi zuen bigarren fase hau; orduan, sortzaileek prospekzio lan bati heldu zioten, lan eginen zuten herriekin loturak ezarriz. Irailean definitu zituzten haien proiektuak, eta egun hauetan bizilagunekin batera gauzatzen ari dira
Esplorazio fasea, sortzaile bakoitza zegokion herrian «lurreratzeko» fasea, luzatu egin da fase hori programan hartzen ari den garrantziagatik. Esplorazioa, ikerketa, entzutea eta enpatia funtsezkoak dira iritsi diren testuingurua ulertzeko eta, hortaz, planteatuko diren proposamenek erkidegoarentzat zentzua izan dezaten.Prozesuen dokumentazioa sortzaileek berek eta sortzaile horiek beraiek aukeratutako laguntzaileek landuko dute. Horrela, herrietan aurkitzen dituzten proposamenen, hurbilketen eta errealitateen aniztasuna erakusten duten materialak sortzen ari dira, garatzen ari diren prozesuetatik hurbilago dagoen ikuspegi batetik. Sortutako materialak eta informazioak programaren webguneko bloga elikatzen dute.
Landarterentzat prozesu sortzaileak hausnarketarako eta ekintza kolektiborako ariketa txikiak dira; horiek prozesu osoan zehar presentzia aktiboa eta arretatsua izatea eskatzen dute, kontzepziotik eta metodologia diseinutik hasi eta produkzio faseraino. Proiektuak ez dira herriaren enkargu bat, eta, halaber, ez dira sortzailearen ekimen indibidualetik sortzen. Partaideen arteko etengabeko elkarrekintzak osatzen ditu proiektu horiek. Ildo horretan, prozesuak irekiak dira, aurrez jakin ez daitezkeenak, bai erkidegoentzat eta sortzaileentzat, bai talde koordinatzailearentzat.