Euskal Herriko harri altxatzaile txapelketa jokatu zuten larunbatean Bizkaiko Mungia herrian, eta nagusitasunarekin jantzi zuen Ainitze Zumeta zarauztarrak irabazlearen txapela. 75 kiloko harri zilindrikoa, 62,5 kiloko kubikoa eta pisu bereko harri esferikoa igo behar izan zituen. Zilindrikoarekin 28 altxaldi egin zituen Zumetak, 23 kubikoarekin eta 30 esferikoarekin. Guztira, 5.412,5 kilo altxa zituen Zarauzkoak, bigarren egin zuen Estefania Etxebeste iturendarrak baino 337,5 kilo gehiago (5.075 kilo). Azken lau urteetako irabazle izan den Karmele Gisasola mallabitarra hirugarren sailkatu zen (5012,5 kilo).
Ondotik sailkatu ziren Lierni Osa, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola, Garazi Ansa eta Sara Jimenez de Aberasturi, inoiz baino parte hartzaile gehiago izan dituen txapelketan.