Iñaki Atxaren argazkiak eta bideoak ikusgai izanen dituzte Iturenen urriaren 18an

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 10:30

Iñaki Atxaren argazkiak eta bideoa ikusgai izanen dituzte Iturengo Herriko Etxeko ganbaran ortzirale arratsaldean.

Ortziralean 19:30ean irekiko da erakusketa Iturengo herriko etxeko ganbaran eta 20:00etan bideo emanaldia izanen da leku berean

Urriko kultur eskaintza zabala prestatu dute Iturenen. Urriko lehen ortziralean Jon Plazaolaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izan behar zen, baina azken momentuko aldaketagatik,abendura aldatu da eskaintza. Hala ere, urriko azken bi asteburuetan zer ikusi eta gozatzeko aukera izanen da. Hasteko, Iñaki Atxa argazkilari elizondoarrarren animalia basatien inguruko bideo emanaldia eta argazki erakusketa Iturengo herriko etxeko ganbaran izanen da. Urriaren 18an, ortziralean, 19:30ean irekiko da erakusketa eta bideo emanaldia 20:00etan izanen da, naturan hartutako irudiekin.

Jaione Olazabal eta familia Aurtizko frontoian kantari urriaren 26an

Aresoko Jaione Olazabal abeslari ezagunaren eta bere familiaren kontzertua, berriz, Aurtizko Koianea Ttikia pilotalekuan izanen da urriaren 26an, 19:00etan. Urriko azken larunbatean izanen da ilunabar polita pasatzeko aukera. Jaione Olazabal bakarlari gisara hasi zen kantuan, baina orain, familia osoarekin eskaintzen ditu kantaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun