Estefania Etxebeste iturendarra Euskadiko harri-jasotze txapelketan ariko da lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 08:00

Estefi Etxebeste iturendarra Mariezkurrena eraikuntza enpresaren 45. urteurreneko saioan, Donezteben. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Urriaren 19an, larunbatean 19:00etan Mungian (Bizkaia) ariko da

Euskadiko emakumezkoen harri-jasotze txapelketa jokatuko dute urriaren 19an, larunbatean 19:00etan Mungiako (Bizkaia) Matxin plazan. Zazpi emakume ariko dira lehian, 75 kiloko zilindroarekin, 62,5 kiloko kuboarekin eta 62,5 kiloko bolarekin, harri bakoitzarekin hiru minutuko txandetan. Estefania Etxebeste iturendarrak lehen aldiz parte hartuko du txapelketa ofizialean.

Iturendarrarekin batera, Sara Jimenez de Aberasturi, Ainitze Zumeta, Udane Ostolaza, Garazi Ansa, Lierni Osa eta Olaia Esnaola ariko dira.

Aipatu bezala, lehen txapelketa ofiziala izanen da Estefirentzat, baina urte honetan hainbat erakustaldi eta marka ahaleginen bat ere egin du. Lehen aldiz Iturengo inauterietan plazaratu ondotik, ETBko Harri herri saioan eman zen ezagutzera eta bere azken saioak, irailaren 14an, Construcciones Mariezkurrena enpresaren 45. urteurreneko ekitaldian Donezteben eta urriko lehen igandean Urdazubin egin zen Urrezko Aizkolarien Ligako saioko erakustaldian izan ziren. Aitzinetik, 100 kiloko zilindro zaharrarekin bere marka egin zuen maiatzean Aian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun