Zirriborro Idazketa Eskola aurkeztuko dute ortziralean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 09:00

Bigarren urtez, Zirriborro Idazketa Eskolaren bilgune izanen da Doneztebe. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 2ra arte literaturaren inguruko tailerrak eginen dituzte aterpetxean. Eskolaren aurkezpena ortziralean, urriaren 18an, eginen dute 17:00etan Herriko Ostatuan.

Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta azaroaren 2an eginen dute eskola eta 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago bereziki.

Hiru egunez hainbat solasaldi izanen dira, eta dagoeneko aurkeztu dute egitaraua. Urriaren 31n, 16:00etatik 18:00etara harrera eginen diete parte hartzaileei, eta ondotik, 18:00etan, eskolaren antolatzaile Iñigo Satrustegi Andresek Kopiatzea idaztea da solasaldia emanen du.

Biharamunean, urriaren 1ean 10:00etan bi solasaldi izanen dira aukeran: Maite Mutuberriaren Idazketa mutua eta Angel Erroren Poema onak idaztea erraza da. Bazkalondoan, 16:00etan, Iratxe Retolaza Gutierrezek Jolas bisualak eta tipografikoak solasaldia gidatuko du.

Larunbatean, azaroaren 2an, aldiz, 10:00etan Uxue Alberdi Estibaritz idazlea eta bertsolaria bertaratuko da Apunteak idazketaz hitzaldia emateko. Eskola bukatzeko, 16:00etan, Lizar Begoñaren Leku bat inon (ez) eta Uxue Apaolazaren Knock-out (Ipuinekin solasean) solasaldiez gozatzeko aukera izanen da. 

Eskola debalde izanen da, eta aitzinerago irekiko dute izen emateko epea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun