Ohiko egitarau zabalarekin Euskararen Eguna bikain ospatu dute Zubietan aste hondarrean, herriko gazteek antolatua. Eguraldia lagun, giro ederra izan zen ostiralean eta larunbatean.
Urriaren 11n, ostiral arratsaldean, Julieta Itoiz, Aroa Huarte eta Nicolas Albaren Amets egiten den basoa liburua aurkeztu zuten herriko eskolan. Ondotik, pintxo lehiaketa izan zuten Errandonea ostatuan. Denera 16 pintxo aurkeztu zituzten eta Lurdes Santesteban eta Saioa Mariezkurrena ama-alabek aurkeztutakoa izan zen onena epaimahaiaren arabera. Eva Elizalderena bigarren izan zen. Gauez mus txapelketa jokatu zuten Errandonean. Bederatzi bikoteren artean, Usurbiletik etorritakoa nagusitu zitzaion finalean Jabier eta Mikel Santesteban aita-semeei osatutakoari. Ordu berean, Herriko Ostatuan, Bidenabar musika taldearen emanaldia izan zuten.
Ostiralean hainbat ekitaldi izan baziren ere, larunbata, urriaren 12a izan zen egun handia. Goizetik hasita, herriko eskulangileen lanak egon ziren ikusgai eta erosgai plazan. Ohi denez, urdaiazpiko eta gazta apustua ere egin zuten. Bien pisura gehien hurbildu zenak eraman zituen etxera. Gaztak 1.050 gramo zituen eta Doneztebeko Lander Erkiziak eraman zuen. Magrak, berriz, 6.100 gramo zituen eta Lizarrako Itxaso Valentziak eraman zuen. Joaldunak ere ibili ziren eta eguerdian Doneztebeko Erreka dantza taldeko dantzari ttikien emanaldi ikusgarria izan zen. Aitzinetik programan iragarria ez bazegoen ere, Ados Pilota Elkarteko pilotarien arteko pilota partida borrokatua jokatu zuten. Aranburuk eta Agirrek 22-19 irabazi zieten Barrokali eta Oskozi. Beraien herritarren artean jokatzerik izan ez zuen Naroa Elizalde Etxekoloneari ere beraien animo, muxu eta besarkadarik handienak ere bidali zizkioten Adoseko taldekideek.
Gero herri bazkari jendetsua izan zuten. Arratsaldean Mutil Gazteak txaranga ibili zen eta gauez musika izan zen Imuntzo eta Belokirekin eta gauerdian hasita, Iratzar taldearekin erromeria.