Kamishibai saioa izanen dute Doneztebeko liburutegian urriaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 14a, 15:30

Ines Bengoaren eskutik kamishibai saioa izanen dute astearte arratsaldean Doneztebeko liburutegian.

Ipuin Txokoa ere hasia da eta hilaren 28an ‘Begirada feminista’ sorkuntza tailerra izanen dute

Ines Bengoa kontalariaren eskutik, kamishibai saioa izanen dute urriaren 15ean, asteartean, 18:00etan hasita Doneztebeko liburutegian. Itziar Ancinek idatzi eta Leire Urbeltzek ilustratutako Amaia eta Martín barazkien jaian liburua izanen dute oinarri, lau urtetik goitikoentzat izanen den saioan. Saioaren bukaeran bertaratutakoei liburuaren ale bana oparituko zaie.

Ipuin txokoa

Haizea Loira musikoterapeutak bideratutako saio hauek urriaren 8an hasi dira. Maiatzaren bukaerara arte Ipuin Txokoko ateak zabalik izanen dira asteartero, 11:00etatik 12:00etara, 0-3 txikientxat. Bertako emanaldi hauetan musika, ipuinak eta dantzetan murgilduta aritzen dira txikiak eta beraiekin bertaratzen direnak.

Urriaren 28an Sorkuntza tailerra: begirada feminista

Luisa Etxenike idazle gipuzkoarrak bideratutako tailerra izanen da. Etxenikek hainbat testu landuko ditu begirada feministatik: testuak arakatu, irakurri, hausnartu… Topaketa hau Irakurle taldeen jardunaren barrenean kokatu behar da.

Aipatu behar da gaztelaniako irakurle taldeak ikasturtea martxan paratu duela. Irailean Malas mujeres izeneko liburua landu zuten eta maiatzaren bukaerara arte hilero ala bat landuko dute. Euskarazko irakurle taldeak ere ikasturtea azaroan hasiko du. Aurten bortz lan landuko dituzte eta egileak ere bertaratuko dira.

           

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun