Nafarroako hemeretzigarren erremonte txapelketako finala jokatu dute larunbat arratsaldean Zubirin. Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek joan den urtean galdutako finalaren errebantxa hartu eta 35-27 irabazi diete Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabalari.
Bi bikoteek ez zuten elkarren kontra jokatu txapelketa honetan eta partida guztiak irabaziak zituzten, bai lehen fasean, baita finalerdietako joanekoa eta itzulerakoa. Finalean, norbaitek galdu behar eta oraingoan gazitik dastatzea suertatu zitzaien Utergari eta Agirrezabalari.
Ion izan zen finaleko erremontistarik onena, gibeleko koadroetan nagusitu baitzen eta gainera 12 tanto egin zituen. Halere, Uterga izan zen tanto gehien egin zituena (14) eta Otxandorenak 13 egin zituen.
Urdinak indartsu hasi ziren eta hasiera berdinduaren ondotik hamar tantoko aldea hartu zuten berehala (4-14). Gorriek sei tanto egin zituzten eta 18-21ekoak hiru tantora hurbildu ziren, baina ez zuten lortu aitzinetik jartzea. Azkenean, 27-35 gailendu ziren Otxandorena eta Ion.
Jaialdia hasteko, Matxin III.a eta Barricartek 30-28 irabazi zieten Mikel Mikelarena eta Aimar Saldias oiztarrei. Giro ederra izan zen Zubirin, Zubietako joaldunek joareak eta Iruñeko Goxo txarangaren doinuak aditu baitzituzten. Sariak hartzera Zubietako joaldunekin atera ziren erremontistak.