Herritarren ideiak, iritziak eta beharrak bildu nahi dituzte, eta helburu horrekin bi saio egitekoak dituzte Donamarian. Asteartean, urriaren 1ean, egin zuten lehenbizikoa, eta herritarrek ongi erantzun zuten. Natalia Rekarte Donamariako alkateak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «etxebizitza, zerbitzuak, mugikortasuna...» izan zituzten hizpide.
Hala ere, norbaitek bilerara joateko modurik izan ez bazuen, online formulario baten bitartez bere iritzia emateko aukera izanen du. Eta 18 eta 45 urteko herritarrei begira, galdetegi horrez gainera, etxebizitzari buruzko bertze bat prestatu dute. Bi kasuetan, formularioa bete ondotik, 'bidali' emateko eskatu du udalak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, Canicca enpresa kontratatu du udalak eta hori da prozesua bideratzen ari dena.
Bigarren saioa urriaren 15ean eginen dute, Uxarrea auzoko erabilera anitzeko gelan, 18:00etatik 20:00etara. Kasu horretan, Zein hobekuntza-proposamen egin dezakegu? Nolakoa da nahi dugun herria? galderak hartuko dituzte gaitzat.