Nafarroako hemeretzigarren erremonte txapelketako finala jokatuko dute urriaren 5ean, larunbatean 18:00etan Zubirin hasiko den jaialdian. Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira. Doneztebeko bi aurrelari eta Azpeitiko bi atzelari aurrez aurre, beraz.
Final nagusiko pronostikoa zabal-zabalik dago. Bi bikoteek ez dute elkarren kontra jokatu txapelketa honetan eta partida guztiak irabazi dituzte, bai lehen fasean, baita finalerdietako joanekoa eta itzulerakoa.
Jaialdia hasteko, Matxin III.a eta Barricart, Mikel Mikelarena eta Aimar Saldias oiztarren kontra ariko dira. Ondotik, final nagusiaren aitzinetik, Zubietako joaldunak joare soinuak hedatuko dituzte eta Iruñeko Goxo txarangak joko du. Jaialdiko sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira oso-osorik. 22 urtez goitikoek hamar euro ordaindu beharko dute, 16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta 16 urtetik beheitikoak doan sartuko dira. Sarrerarekin batera, txistorra pintxo bat eta baso bat ardo, sagardo edo ur doan hartzeko aukera izanen dute ikusleek.